Aizkolari txapelketa

TXOMIN GARMENDIA
Orain dala 30 urte il zan Xalbador./
Orain dala 30 urte il zan Xalbador.

Ustegabekorik ez dala, biar jokatuko da Tolosako zezen-plazan Euskadiko Aizkolari Txapelketa sei aizkolariren artean. Iraillaren 2an izan zan Donostin, Tolosarako seikotea aukeratzeko kanporaketa amaika aizkolariren artean; onako auek sailkatu ziralarik: Floren Nazabal, Donato Larretxea, Joxemari Olasagasti, Iñaki Azurmendi, Luis Txapartegi eta Joxe Juan Barberena.

Geroztikako zurrumurruak ziotenez, egi birtu dira eta Nazabal ez da Tolosaratuko, ondo-ezik aurkitzen daiako. Alakorik ez balitz, legez,

Lau kanaerdikoren, lau 60 ontzakoren eta lau oinbikoren lana izango du Tolosan aizkolari bakoitzak. Donostiko eta beste saio asko ikusita, Floren Naza- bal partaide ez dala, Donato Larretxearen alde izango dira iri-tzi geienak; Tolosako lana bikoiztu egiten da, ordea, beste kanporaketa oien aldean eta or egon liteke kakoa. Egurretik egurrera ere alde ikaragarria egon lite- ke.

Eguardiko 12etan asiko da jaialdia, eta sei aizkolari batera jarduten dirala, pesta polita izaten da benetan. Garai bateko zaletasunik ez dago, baiña Tolosara jendeak erantzungo dula esango nuke. Ala izan dedilla.

Lengoa oroituz. Gure gogoan izan zan lenengo aizkolari txapelketa, 1950eko martxoaren 5ean izan zan Donostiko zezen-plazan; lau aizkolariren artean: Martin Gartziarena, Juan Baleztena, Antonio Soraluze Korta eta Inazio Orbegozo Arria. Orduan etzegon seikote bearrik Donostiko zezen-plaza betetzeko.

Amar 60 ontzakoren lana zun aizkolari bakoitzak, eta Gartziarena erten zan Españiko txapeldun (ala bai zun izena txapelketa ark), 39:44''1/5 denboran lanak bukatuta; bigarren, Baleztena, 42:56'an; irugarren, Korta, 47:39''1/3'an eta laugarren, Arria, 49:57'an. Lenengo saria, 30.000 pezeta izan zan; bigarrena, 20.000; irugarrena, 10.000 eta laugarrena, 5.000.

Bi lenengoak naparrak ziralarik, eta beste biak gipuzkoarrak, Basarrik ondorenean kantatutako bertso bat au izan zan:

Joan dan igandez napar anaiak

Donostiratu ziñaten,

bai saiature Gipuzkoako

sari danak eramaten.

Ikusten det nik Leitzalde ortan

zein pozez bizi zeraten,

era ontako semerik eztu

edozein errik ematen.

Txapelketa aren ondorenak izan ziran Luxia-k eta Gartziarenak jokatu zituzten bi apustuak. Ezagutzen diran entzutetsuenak jokatu ere. Tolosako ontatik ez dago orrelako bildurrik. Garai bakoitzak, bere emaitzak.

Urepelen. Iparraldeko Urepel erri politean, jai aundiak antolatu dituzte gaurko eta biarko Xalbador eta Mattinen gorantzan. Beren garaiean etzan izango ber-tso-zalerik bi gizon auek ezagutu gabekorik. Ain genitun etxekoak! 1976ko azaroaren 7an il zan Xalbador bera jaio eta bizi zan erri Urepelen, bere omenaldi egunean ain zuzen, berrogeita amasei urterekin. Mattin, Ahetzekoa gendun; 1981ko uztaillaren 22an il zan irurogeita bost urterekin. Beraz, ogeita amar urte eta ogeitabost, bertso-zaleantzat bi egun triste aiek gertatu zirala. Goza bezate betiko atsedenean.

Xalbador il zan ezkeroztik, urtero ospatu oi da Urepelen «Xalbador Eguna», baiña aurtengoan Mattin erantsi nai izan diote, eta ondo pentsatua, biak uztarri batean lotuta ibiltzen ziran ezkero.

Gaurko egitaraua (urriak 21): arratsaldeko 5etan, aurren txokoa; ondoren, taloak; illuntzeko 8:30etan, Peruketak musika taldea eta ondoren, Benito Lertxundiren kantaldia.

Biarko egitaraua (urriak 22): goizeko 7etatik 8:30etara mendi ibillaldia, plazatik abiatuz, Auñamendik antolatuta; 10:30etan, meza-nagusia; ondoren, Mattin eta Xalbador liburuaren aurkezpena Joxemari Iriondo eta Antonio Zabalaren eskutik; bazkal-aurrean, Aperitifa plazan, Arrosako Txaranga eta Markinako Xemein abesbazak alaituta; arra-tsaldeko ordubitan, alkartasun bazkaria, Xendariñeko aizpak, Asteazkenekoak, Arrosako txarangak eta Xemein abesbazak alaituta; arratsaldeko 4retan, Xalbador eta Mattini buruzko bideoa eta arratsaldeko 5etan, bertso-saioa; Joan Azpillaga, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso, Joxemari Iriondoren ardurapean.

Beraz, eguraldiak laguntzen dula, ordu gozo batzuk igarotzeko aukera daukagu Urepel erri paketsuan.

Domund. Biar Domund edo mixiolariairi laguntzeko eguna degu. Egia da, gertueneko premiak ikusten ditugula aurrena; baiña gaurko aurrerapen bidez, urrutikoak ere ikusten ditugu ordea, eta ezin esango degu keja-tzeko moduan bizi geranik. Bestetik, Jesusek esan ziguna gogoan izan bear degu kristauak: «Ni ezagutu gabe ez dedilla gelditu ez zuri eta ez beltzik».

Gure mixiolariak orretara dijoaz munduan zear, askotan beren bizitzak arriskuan jarriaz; DV eguneroko onek lengo igandean zekarrenez, amasei mixiolari badira aurten il dituztenak. Lagun deiegun limosnaz eta otoitzez, etzaigu damutuko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos