Kontseiluaren hizkuntzari buruzko proposamena, Tejeriaren esku

Ezkerretik eskuinera, Koldo Tellitu, Leire Cancio, Bakartxo Tejeria eta Paul Bilbao,/KONTSEILUA
Ezkerretik eskuinera, Koldo Tellitu, Leire Cancio, Bakartxo Tejeria eta Paul Bilbao, / KONTSEILUA

Legebiltzarrean lantzen ari diren estatutu berriaren inguruko eztabaida-prozesuan «hizkuntzaren eta hizkuntza-eskubideen gaia nola kokatu berrikusteko aukera» baliatu nahi du Kontseiluak

Maiatzaren 24an aurkeztu zuen Kontseiluak, Donostiako Miramar jauregian, EAEko Estatutu berrirako hizkuntzaren atalerako proposamena. Orduz geroztik, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PSE-EE alderdietako ordezkariei aurkeztu zaie, eta astelehen honetan Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren esku utzi dute. Paul Bilbao idazkari nagusiarekin batera, Kontseiluko zuzendaritza-kideak diren Leire Cancio (Elhuyar) eta Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolak) izan dira Gasteizen.

Kontseiluaren ekarpena Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordearen baitan lantzen ari den estatutu berrian kokatu behar da. Batzorde horretan, hain zuzen, atal asko kontuan hartzen dituen eztabaida-prozesua zabaldu da, eta «hizkuntzaren eta hizkuntza-eskubideen gaia nola kokatu berrikusteko aukera» baliatu du Kontseiluak.

Oinarria, Donostiako Protokoloa

Proposamena osatzeko orduan, Donostiako Protokoloan jasotzen diren printzipio nagusiak hartu dituzte oinarritzat. Hala, gai nagusiak aipatzearren, euskara 'berezko hizkuntza' izendatuko da EAEn, eta lurralde osoan ofiziala izango da. Proposamenak jasotzen du halaber,«administrazioan erabilera normaleko eta lehentasuneko hizkuntza euskara izatea» jasotzen da. Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izateko ekintzak abian jartzea ere proposatzen da, eta pertsonen arteko berdintasuna berma dadin proposamena egiten da, horrela jasoz: «Ez da hizkuntzarengatiko bereizkeriarik onartuko».

Proposamenaren arabera, «botere publikoek euskara babestuko dute eremu eta sektore guztietan, bai eta erabilera, ezagutza eta zabalkundea sustatu ere». Erabilerari dagokionez, proposatzen da, besteak beste, herritarrei hizkuntza-hautua bermatzea, eta hori bermatzeko betekizunak ere proposatzen dizkio administrazioari. Horretarako, administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza-maila egokia egiaztatu beharko dute. Herritar guztiei, berriz, «euskara ezagutzeko eskubidea» bermatuko zaie, «bai eta betebeharra ere», dela derrigorrezko hezkuntzaren bitartez, dela helduen euskalduntzearen bidez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos