Itziartarren %99,76 ez dago ados Toki Entitate Txikiaren aldaketarekin

Eguerdi partean hurbildu zen jende gehien bozkatzera. / SALEGI
Eguerdi partean hurbildu zen jende gehien bozkatzera. / SALEGI

Egia eta Arriola auzoak eta industrialdea entitate txikitik ateratzeko abian jarritako prozesuaren baitan herri galdeketa egin zuen atzo Udalak

ANDER SALEGI DEBA.

Itziarko Toki Entitate Txikiaren mugak aldatzeko abian jarritako prozesuaren baitan, herri galdeketa burutu zuen atzo Debako Udalak Itziarren, eta jasotako eran-tzuna oso argia izan zen. 453 itziartar hurbildu ziren bozkatzera (831ko erroldatik, %54,5) eta horietako 442k, hau da, %99,76k, ezezkoa eman zioten aldaketari. Emaitza, dena dela, ez da loteslea.

Azaroan onartu zuen Debako udalbatzak Itziarko Toki Entitate Txikiaren aldaketa prozesua abian jartzea, eta herritarren 50 alegaziotik gora aztertu ostean, behin betiko proiektuari pasa den martxoaren 26an eman zion onespena aldeko 8 botorekin (Debarren Ahotsa eta EAJ). EH Bilduko bost zinegotziek aurka bozkatu zuten. Halako prozesuetan beharrezkoa den moduan, zatiko hautesleen iritzia jasotzeko asmoz, atzo Itziarko Udal Etxe eraikinean bi hautestontzi jarri ziren. 18 urtetik gorako 831 lagun (Elorriaga, Mardari, Egia, Arriola, Itsaspe, Lastur, Arbiskoa, Endoia eta Itziarko hirigunean bizi diren erroldatuak) deituak zeuden beraien botoa emateko. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko orbubietara bitartean 453 lagun pasatu ziren Udal Etxe eraikinetik beraien botoa emateko, hau da %54,5. Eta gehienek, 442ek, ezezkoa eman zuten. Baiezko sei boto izan ziren eta bost zuri.

Orain, galdeketaren emaitza jakinda, aldaketa akordioa eta gainerako espedientea Gipuzkoako Foru Aldundiari bidaliko zaizkio, bidezkoa deritzon azken erabakia har dezan.

Lurralde aldaketa

Udalak plenoan adosturiko aldaketarik garrantzitsuena lurraldeari dagokio, Egia eta Arriola auzoak eta industrialdea egungo Toki Entitate Txikitik aterako liratekeelako. Hala, Itziarko Toki Entitate Txikiaren lurraldea 93,5 kilometro koadroko azalera izatetik 80,9 km2 izatera pasatuko litzateke. Hala, Itziarko Toki Entitate Txikiaren barruan, Itziarko hirigunea eta gainerako auzoak geratuko lirateke, 941 biztanle. Egungo egitura politiko administratiboa bere horretan mantenduko litzateke.