Lurrunezko trenen eskaintza bikoitza asteburuan

Lurrunezko trena, iazko argazkian./
Lurrunezko trena, iazko argazkian.

Uztailaren 21 eta 22rako sei zirkulazio eskainiko ditu Burdinbidearen Euskal Museoak, Lurrukezko Trakzioaren Hastapenerako XXI. Ikastaroa dela eta

Astebururako planetan pentsatzen ari denak kontuan hartu beharko lituzke Euskotren sozietate publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoa eta, bereziki, horrek antolatuta egiten diren lurrunezko trenaren bidaiak.

Izan ere, asko indartu da eskaintza datorren astebururako. Zehazki, lurrunezko trenen sei zirkulazio eskainiko dira, Azpeitian dauden museoaren instalazioetatik Lasaora. Ohiko eskaintza bikoiztu egin da, alegia, museoan Lurrunezko Trakzioaren Hastapenerako XXI. Ikastaroa egingo delako. Horrela, trenak 12.00etan, 13.00etan, 17.00etan eta 18.00etan irtengo dira larunbatean, uztailaren 21ean, eta 12.00etan eta 13.00etan igandean, uztailaren 22an.

Museoak udako ordutegia du martxan abuztuaren 31ra arte: 10.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era dago zabalik asteartetik larunbatera, eta 10.30etik 14.00etara igande eta jaiegunetan, bere arduradunek gogoratu dutenez.

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik hoberenetarikoa dauka, mota askotako ibilgailuekin: lurrunezko, diesel eta elektriko tren makinak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Era berean, Euskadiko makina-tresna multzorik osatuena eskaintzen du, Urolako Trenbidearen antzinako tailer mekanikoaren bidez. Horrez gain, XIX. mende bukaeratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa bat eta munduko trenbide erlojuen bildumarik hoberenetarikoa ikusgai daude.

Orobat, museoa '1921-1926. Urola trenbidearen eraikuntza' argazki erakusketa aurkezten ari da. Formatu handiko 36 argazkiko bilduma bat da. Argazki gehienak argitaragabeak dira, eta Urola trenbideko eraikuntzako zenbait etapa islatzen dituzte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos