'Lilitarren ohorea' bisita gidatuaren urteko azken saioak

Lau aktorek antzezten dute Andre Madalenen rola./LILI JAUREGIA
Lau aktorek antzezten dute Andre Madalenen rola. / LILI JAUREGIA

Abenduaren 16an, datorren urteko Aste Santura arte joango da Andre Madalen Zestoako Lili Jauregitik

2013ko martxoan Zestoako Lili Jauregiak bisitariei ateak zabaldu zizkienetik, Erdi Aroan eraikitako jauregian bizi zen negozio-familiak idatziz ondo dokumentatuta utzi zuen historia bi antzezlanen bitartez kontatu izan da, 'Agur Lili' eta 'Lilitarren Ohorea'.

Bada, Andre Madalen, Magdalena de Amilibia Elkaraeta (@AndreMadalen) Zestoako Lili Jauregiko andreak, bolada baterako atseden hartzeko asmoa du. XVII. mendeko noble elegante eta zorrotza badoa Zestoako Lili Jauregitik datorren urtera arte, baina aurretik 'Lilitarren Ohorea'-ren inguruko azalpenak ematen jarraituko du asteburu honetan, datorren ostegunean, abenduak 6, eta hurrengo bi asteburuetan. Rola antzezten 'LILAEL-Lili Jauregiaren Lagunak' elkarteko lau aktore desberdin ibiltzen dira. Antolatzaileen hitzetan, «bakarrizketa estilo antzeztuan, garaiko hizkera eta arropak soinean, duela lau mendeko Gipuzkoa eta Jauregiko gela eta aretoak ezagutzeko aukera ematen duen bizipen paregabea da» proposatzen duten bisita gidatua.

Izan ere, azken lau urteotan, Lili Jauregiaren eta bertako familiaren nondik norakoak ezagutzeko aukera eskaini du 'Lilitarren Ohorea' antzezlanak. Andre Madalen bera, obraren protagonista, izan da hasiera-hasieratik pasa diren 18.500 bisitariri harrera egitearen ardura hartu duena, familiako negozioak ondo zaintzeaz gain, Lili Jauregiaren zaintza ere ez duelako alde batera utzi.

Aurreratu dutenez, «bisitariak 1678 urtera bidaiatzen du sarrera erosten duen momentutik. Lili Jauregira iristean, bisitariak atea jo eta Andre Madalen berak zabalduko dio, txanponari esker, etxeko zerbitzuan izandako hutsuneak betetzeko deialdiari erantzunez datozen hautagaiak direla jakingo du. Gisa honetan murgiltzen da bisitaria istorioan eta hemendik aurrera ordu erdiko denbora-tarte batetan gertatzen dena esperientzia gogoangarri eta zirraragarri bat izango da.

Esan bezala, asteburu honetan egin diren bisitez gain, datorren ostegunean, abenduak 6, ere egingo dira, baina abenduaren 8-9an eta 15-16an ere. Larunbatetan, lau saio egiten dira (11:30, 12:30, 16:30 eta 17:30ean); igande eta jaiegunetan, berriz, bi (11:30-12:30). Lili Jauregiko bisita antzeztuetarako erreserba egiteko 943 86 88 11 zenbakira deitu behar da edo info@lilijauregia.com helbidera idatzi.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos