117 kilometro bizikletaz Arabako Lautadan barrena

Txirrindulariak Gasteizko Eraztun Berdean./I. AIZPURU
Txirrindulariak Gasteizko Eraztun Berdean. / I. AIZPURU

Aurretik egokituta zeuden hainbat ibilbide lotuta, zailtasun txikiko ibilbide luze-luze bat osatu dute

Ez dira hauek egunik egokienak eguzkiak gogor jotzen duen lurretan pedalei eragiteko, baina iritsiko dira freskoagoak, eta hortxe jarraituko du Arabako Lautadan atondu duten zikloturistentzako ibilbide bikainak. Orain dela egun batzuk aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko turismo arduradunek Arabako Lautadako Zikloturisten Ibilbide Luzea delakoa: hainbat ibilbide lotuta osatu den 117 kilometrok bide eder eta luzea.

Aurkezpenean Alfredo Retortillo Turismo sailburuak nabarmendu zuen Ibilbide luzea diseinatu dela «jakinik gure baliabideak erakargarriak eta baliotsuak direla, Arabako lurraldeari bere lekua emateko eta, bereziki, Lautadaren eskualdeari, zikloturismorako helmuga paregabe gisa, eta naturak, aire zabaleko kirolak edo familia-turismoak erakartzen dituen bisitari guztientzako eragile izateko».

Helburu horiek betetzeko, bestela ere bizikletentzako bidez ondo hornituta dagoen Araban -1.130 kilometroko sarea du- lehendik zeuden hainbat bide txertatuz joan dira, hiriburua eta Lautada ezagutzeko aukera eskaintzen duen ibilbide zirkularra osatzeko. Nagusiak dira Gasteizko Eraztun Berdearen buelta, Vasco-Navarro trenbidearena, urtegien ibilbidea, Posten Errege Bidea edo Donejakue bidea.

Aurten 25 urte betetzen ari den Gasteizko Eraztun Berdea har daiteke abiapuntutzat, hiriburuak eskaintzen dituen irisgarritasun erraztasunak direla eta, baina edozein puntutan hasi daiteke mapatxo honetan ikusten den bidea, edo horren zati bat, egiten.

Gasteiz ere inguratzen du ibilbideak.
Gasteiz ere inguratzen du ibilbideak.

Estatuko trenbiderik garrantzitsuenetakoa izandako Ferrocarril Vasco Navarro deitutakoaren Bide Berdearen zati bat ere hartzen du. 85 kilometrorekin, EAEko bide berderik luzeena da, eta Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen ditu Araban barrena. 1889tik 1967ra funtzionatu zuen tren txikiak Bergara eta Lizarra lotzen zituen, zehazki, 143 kilometroko bidean. Ibilbidearen zati handi bat egokitu da, beraz, bizikletentzako. Ibilbide luze berriaren kasuan, zati txiki bat baino ez da aprobetxatzen.

Ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, Ibilbide Luzea publikoak oro har eta familiek, bereziki, erabili ahal izateko diseinatu da. Ibilbidea bi edo hiru egunetan egiteko prestatu da; distantzia, guztira, 117 kilometro dira eta 800 metroko desnibela du. Ibilbide erraza da, desnibel eta zailtasun tekniko handirik gabea.

Ibilbide Luzearen bidez, gainera, baliabide turistiko ugari ikus daitezke, desbideratu beharrik izan gabe. Zehazki, zenbait eremutako turismo- eta paisaia-ikonoak lotzen ditu. Salburuan eta Mendijurren, hegaztien behaketa; Landako eta Garaioko hondartzak, bandera urdindunak; Estibalizko erromanikoa edo Gazeoko margoen gotikoa, Aguraingo alde zaharra eta Vasco-Navarro trenbidearen ekipamenduen industria-ondarea.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos