Artzaintzara iritsi berriak omenduko dituzte Uharte Arakilen

Uharteko lehiaketa irabaztea ez da txantxetako kontua./
Uharteko lehiaketa irabaztea ez da txantxetako kontua.

Aralar Mendi Elkarteak antolatzen duen Artzain Egunaren 51. edizioa igande honetan egingo da Sakanako herrian

Abuztuko azken igandean artzaina bilakatzen da protagonista Uharte Arakilen, eta aurten ere badator, 51. urtez jarraian, Aralar Mendi Elkarteak antolatzen duen Artzai Eguna, datorren igandean, abuztuaren 26an, egingo dela. Antolatzaileek ohar baten bidez aurreratu dutenez, artzain berriak izango dira aurten omenduak; zehazki, latxa arrazako ardiaren sektorera berriki helduak, eta baita ere arraza horretako ardien esnearekin gazta egiten hasi direnak.

Omenaldiaz gain, ia denetariko lehiaketak izan ohi dira eguneko osagai nagusiak. Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatuta dagoen jaia antolatzen duen elkarteko lehendakariak esku-orrian dioenez, «artzainaren irudia da egun horretarako prestatu ditugun jarduera guztien ardatz nagusia, eta haien bidez omendu nahi izan dugu artzainek bizitza ulertzeko duten modu hori, ohiturei eta tradizioei eusten diena».

Xede horrekin, milaka bisitari erakartzen dituen festa honetan ekitaldi ugari burutzen dira egunean zehar. Aipa daitezke, besteak beste, artzain txakurren lehiaketa, ardi haragien gisatuak edo ardien motzaldia. Ardi gazta nola egiten den bertatik bertara ikus daiteke, eta folkloreak, herri kirolak eta eskulangintzak presentzia handia dute hemen kontsulta daitekeen egitarauan.

Artzai Eguna, jakina denez, garrantzi handiko eguna da gaztagileentzak, fama handikoa baita bertan jokatzen den latxa arrazako eta/edo Erronkariko ardien esne gordinaz egindako gazta-txapelketa, aurten 37. ediziora iritsiko dena. Sariak ez dira nolanahikoak (800 euro jasotzen ditu irabazleak, eta 275, 175, 125 eta 100, hurrenez hurren, bigarren postutik seigarrenera sailkatutakoek), baina askoz balio handiagoa du irabazteak edo talde txiki horretan kokatu ahal izateak. Prezioaren aldetik ere askozaz gainditzen du saria gazta irabazleak: iaz, esate baterako, Iruñeko hotel batek 4.500 euro ordaindu zituen irabazle atera zen gaztaren erdiaren truke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos