Bi asteburu Omako Basoa bisita gidatuen bidez ezagutzeko

Omako Basoa. /
Omako Basoa.

Ostiraletik igandera bitartean eskaintzen dira, eta irailaren 6a izango da azken eguna

EL DIARIO VASCO

Omako Basoan barrena antolatu diren bisita gidatuen kanpaina amaitzear da. Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri duenez, datorren irailaren 6an izango da azken aukera. Bisitak asteburuan bakarrik eskaintzen dira, ostiraletik igandera bitartean, beraz sei egun besterik ez dira geratzen Agustin Ibarrolaren hiru dimentsioko obra berezi hau hurbiletik eta behar diren azalpenekin ezagutu ahal izateko: hilaren 28, 29 eta 30a eta irailaren 4, 5 eta 6a. Bistak eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 5etan burutzen dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Ekimen honek hiru euroko prezioa du, euro bakarra erretiratu, langabe eta ikasleentzat. Adingabeentzat, berriz, doan da. Izena aurrez ematea gomendatzen dute antolatzaileek, talde itxiak baitira, santimamine@bizkaia.eus helbidera idatzita, 94 465 16 57 telefonora deituta edota Santimamiñeko informazio gunean bertan.

Naturak eta arteak bat egiten duten Omako Baso Margotua Kortezubin dago, Santimamiñeko haitzulotik gertu, baita Ibarrola beraren etxetik hurbil ere. Land art izeneko joera garaikidearen adierazpena da baso hau; korronte sortzaile hori 60 hamarkadako azken urteetan sortu zen, eta bere helburua da artelana naturara eramatea, paisaia erabilita marko, euskarri eta lehengai legez. 80ko hamarkadaren hasieran osatu zuen artistak.

Obra zuhaitz margotu batzuek osatzen dute; zuhaitzok sakonerako maila ezberdinetan daude, eta planootan irudi geometrikoak, giza irudiak eta animalienak erakusten dira. Margoetako batzuk leku jakin batzuetatik bakarrik ikus daitezke, eta lekuotan hainbat enborren irudiek irudi bakarra eratzen dute. Hala, esan ohi da bisitari bakoitzak bere obra eraikitzen duela, ikuspegi ezberdinekin jokatuz.