Petti: «Lehen, bakarrik gauez bizi nintzen, orain justu kontrakoa»

Juan Luis Perez Mitxelena, ‘Petti’  /
Juan Luis Perez Mitxelena, ‘Petti’

Ahots sakoneko Berako kantu egile apart honek, kontzertu berezia eskeiniko du bihar Kursaaleko Ganberan, EP berria aurkeztuz

JON MARTIJAdonostia

Juan Luis Perez Mitxelena, Petti (Bera, 1973), urte mordoa daramazki musikan. Akaso merezi zuen oihartzuna ez du jaso, baina 1999. urtean Amets bat izeneko lehendabiziko diskoa argitaratu zuenetik, ttipi-ttapa bere bidea egin du. Harrezkeroztik bakarka Arrazoiak (2001), Etxeko uzta (2002), On (2007), eta zuzenean grabatutako Awañak (2008) diskoak argitaratu ditu. Bestalde, Anari (2003), Txuma Murugarren eta Rafa Rueda (2006), Barrence Whitfield (2009), eta Xabi Sr. Norekin (2012) elkarlanean egindako diskoak ere gauzatu ditu. Folk, rock, country eta singer & songwriter ilunen eremuetan eroso eta lasai dabil gizon puska hau. Apaltasunez dio Kursaaleko Ganbera aretoa betetzea ez dela arduratzen dion zerbait: berak kontzertu aparta bermatzeko prest dago, jende asko edo gutxi egon. Astirtitan izeneko bost abestiz osatutako lan berria aurkeztera dator, baina kon-tzertu honetan bere ibilbideko hainbat abesti ere berregingo ditu.

Patxadaz hartzen duzu diskoak argitaratzea!

Beste kontutan ere sartuak ibili gara eta dena batera ezin da egin. Tartean Xabi Sr. No-rekin disko bat ere argitaratu nuen eta kolaborazio piloa ere egiten egondu naiz. Disko luzea ere erdi prestatua dago, urte amaieran argitaratuko dut: batzutan ez dugu bat egiten, eta bestetan bi edo hiru kasi segidan. Horrela joaten dira gauzak.

Azken boladan konposatutako abestiak al dira guztiak?

EP honetan badaude kanta pare bat aspaldi konposatuak izan zirenak, orain dela hamar urte edo, baina geroagoko disko luzeko abesti guztiak berriak izango dira, eta tartean ziurrenik Leonard Cohenen bertsio bat sartuko dut: baimenak eta begiratu behar ditut, baina arazorik ez badago, hori da asmoa.

Abesti zahar asko al dituzu kajoietan gordeta?

Baditut bai, kriston pila! Eta galdutakoak ere, badira milaka. Dena dela hor gelditzen baldin badira ere zerbaitegatik izango da. Batzuetan denborarekin berriro ere entzuten dituzu, eta zure egoera aldatu da, eta horren arabera berriz berreskuratzen dituzu kantuak, edo hor gelditzen dira, kajoian.

Musikari bezala, kontent al zaude iritsi zaren lekura iristeagatik?

Ez dakit niri deitzen ahal zaidan musikari, baina kantu egile bezala bai. Gauzak nola dauden ikusita nahiko ongi, ze egia erran musika mundua nahiko izorratua dago, eta hortxe jarraitzen dugu, beraz, zerbait eginen dugu. Baina klaro, proiektu ezberdinetan sartua egon behar: Balerdi Balerdi taldean sartua nago, Gau beranduan proiektuan ere Harkaitz Cano eta Joxean Goikoetxearekin, Xabi eta Petti ere muntatu genuen akustikoak egiteko...     

Zergatik Astirtitan izena?

Berako hizkeran asteartetan horrela esaten dugu, eta izena gehienbat tabernan lan egiten nuenean astearteetan libratzen nuelako. Egun hori erabiltzen nuen gitarra gehiago jotzeko, idazteko, eta egin behar diren gauzak egiteko.

Tabernan lan egiteari utzita honezkero?

Guztiz utzita ez: Sanferminetan hor ibiltzen naiz, topera, baita akaso beste besta ba-tzuetan ere Baina lan fijoa bezala bai, utzita.  

Hori osasunak ere eskertuko du.

Eskertzen du, bai Horregatik utzi nuen gehienbat. Urte aunitz dira gauez lan egiten, eta nabari da.

Eta biorritmo horiek aldatzea kostazten al da?

Ohituratu behar da beste modu batera bizitzen eta gauzak egiten. Baina niri behin-tzat on egin dit; beraz, alde horretatik ezin kexatu.

Orain goizak aprobetxa-tzen dituzu?

Lehen, bakarrik gauez bizi-tzen nintzen, eta orain justu kontrakoa. Errutina lan moduan hartu dut: gitarra egunean zortzi orduz jo, ordutegi batzuk jarriz.

Diskoaren azalak badu atzean istorio bitxi bat.

Miren Karmele Gomezek sinestesia du: hau da, labur esanda, berak musika ikusi egiten du. Nik Erramurik gabeko gauak kantua bialdu nion eta hori entzunda azaleko marrazkia atera zitzaion. Niri aunitz gustatu zait, zerbait ezberdina da.

Biharko kontzerturako zerbait berezia prestatu duzue?

Ohiko taldeaz gain teklista ere izango da, eta Estitxu Pinatxo lehengusinarekin ere pianorako moldatu ditugun abesti zahar batzuk elkarrekin kantatuko ditugu.

Zure Facebookean ikusi nuen Carlos Gardelen bertsio bat egin duzula!

Txantxa zan! (kar-kar). Intentzioa daukat bat egiteko, baina zaila da prestatzeko eta beste baterako utziko dugu.

Hori, gazteleraz.

Bai, baina azentua imitatu gabe, bestela gaizki aterako li-tzateke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos