Mugako nire lagunei

ARITZ GORROTXATEGI

Gutxi da Ganix de Macaye lapurtarrari buruz dakiguna. Ganix (Jean) Anchordoqui kontrabandista famatu egin zen Lehen Karlistadan Beirako printzesa eskoltatzeagatik. Dirudienez, 1838an Belzunceko kondeak Ganixengana jo zuen fabore eske, lagun ziezaiola Beirako printzesari Pirinioetako muga zeharkatzen. Mugen Houdini honek ganoraz konplitu zuen enkargua, eta balentria harexen eskutik lortu zuen sona.

Historiografia karlistak ukitu erromantikoekin gizendu du gerora pasadizoa, printzesaren edertasuna nahiz kontrabandistaren indarra neurrigabeki puztuz. Horren adibide, Francisque-Michele-n Le romancero du Pays Basque (1859).

Tamalez, Ganixen indarra eta fama izan ziren puztu zirenak, eta ez bere patrikak. Jakin baitakigu 60. hamarkadan Jean Baptiste Daskonagerre notarioarenera joan zela, Labastidara, etxea hipotekatzera.

Daskonagerrek inspirazio iturri mamitsua ikusi zuen kontrabandistarengan, eta 1867an Les Echos du pas de Roland eleberria argitaratu zuen, zeinean agertzen den Ganix, kontrabandista talde bateko buru bezala.

Eleberria frantsesez kaleratu zen, baina Daskonagerrek trikimailu bat erabili zuen liburu gehiago saltzeko: bere eleberria «traduit du basque» zela zioen. Hiru urte beranduago, ustez jatorrizko bertsioa zena kaleratu zuen Daskonagerrek, euskaraz eta Baionako Lamaignere alargunaren inprimategian, Atheka gaitzeko oihartzunak izenburupean. Azalpen honekin lagunduta: «Norbaitek galdegiten balu zertako hain sarri iguriki dugun hau inprima-arazi gabe, ihardetsiko ginioke iduri zitzaukula itzultze frantsesa errexki eta lasterrago saldu ginukela.

Denek badakite saltze horren progotxu guziak karitatezko obra batentzat emaitekoak zirela». Era honetan, Ganixek kontrabandoarekin irabazten jakin ez zuen dirua irabazi zuten notarioak eta karitateak haren abenturen kontura.

Hain zuzen ere, Ganix hau da Koldo Mitxelenan ikusgai dagoen Karlistadei buruzko erakusketaren protagonistetako bat.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos