'Lexoti'-ren azken agurra

EGARRIZ
'Lexoti'-ren azken agurra/
'Lexoti'-ren azken agurra

OIARTZUN. DV. Joxe Luis Lekuona, Lexoti, bertsolari oiartzuarra hil zen pasa den asteartean. 1925eko azaroaren 11an jaio zen Oiartzungo Iturriotz auzoko Maixta-Borda baserrian. 80 urte, beraz, gure artean emandakoak, nahiz eta azken hogei bat urteotan, Ereñozun bizi zen Pepita arrebarekin.

Lexotiren aitona Ergoien auzoko Lezoti baserrian morroi izana, eta hau ere bertsotan aritzen zena. Hortik datorkio Lexoti izengoitia.

Hamabost urtetarako hasia omen zen sagardotegietan sudurra sartzen, eta bere lehenengo bertsoak kantatzen ere bai. Lanerako baino afizio handiagoa omen zuen bertsotarako. Bere bizitzako eta bertsoetako lema «indarra eta kelmena» izan da. Lan klase askotan aritu ondoren, 47 urterekin Oiartzungo Udaletxean sartu zen bertako langile. Bertan aritu zen 1983an gaixotu zen arte.

Gaixotu zenean, Pepita arrebak hartu zuen Ereñozuko bere etxean, eta geroztik han bizi zen. Baina bazuen bere herriarekin harremanik. Xanixtebanetan hemen izaten zen urtero zintzo arraio baserritarren egunean. Beste lokarri fuertea, Haurtzaro ikastolarekin zuena.

Ikastolako Haurtzaro bertsolari eskolako gaztetxoei begira, eta hauen bertsotarako interesa suspertzeko, bertso saioa antolatzen dute urtero-urtero joan den 24 urteotan jarraian. Bat-bateko saioa alde batetik, eta bertso paper lehiaketa bestetik. Lexoti Saria izenarekin bataitu zuten garai hartan, eta datorren urtean dute 25.a. Lexoti ez dute bertan izango, baina bertsotarako haren grazia eta piperra han izango dituzte bide lagun.

Izan ere, hori baitzen Lexotiren bertsoa, grazia eta piperra. Ikastolan 1987an Lexoti Sariari hasiera emateko honoko bertso hau kantatu zuen:

Gaur Oiartzunen pasa nahi nuke

arratsalde bat gozua

hemen entzunaz gazte hauekin bertsotan saio osua,

dudarik gabe hau izango da

netzat egun erosua,

zerua zer den ez dakit baina

hau dugu paradisua.

Eskola zaharreko kabi beroan lumatutako txoria genuen Lexoti bertsolaria. Dohain hori aita eta aitonarengandik jasoa zuen. Ez omen zuen inolako eskolatan ikasi bertsotan. Dena ahotik ahorako tradiziotik edandako iturri freskoa omen zen harena. Bertsolari herrikoia eta zirikatzaile aparta.

Eta sari batzuk ere irabazi zituen. 22 urterekin Donostiako La Perlan 1. saria eskuratu zuen. Beste behin, Zepai Sarian bigarren egin zuen Patxi Iraolaren atzetik. Ordizian beste sariren bat, Donostian

Xabier Leteren iritziz, Lexotiren ahotik ez omen genuen filosofia bihurri edo korapilaturikorik entzungo, ezta ideia transzendentalik ere, baina horren ordez, zirikada, ziztada eta xelebrekeriak kantatzeko orduan, maixu. Txista handiko bertsolaria, beraz, Lexoti, ez goi mailakoa, baina herri mailako bertsolari maitatua eta estimatua.

Haren filosofia, gaur gaurkoak eta bihar ikusiko diagu omen zen. Gutxirekin konformatzen zen gizona. Gai librean kantatzeko aukera emanez gero, bere diruak eta aberastasunak zen gustukoen zuena. Ondoren bere neskak eta andregaiak, nahiz eta sekula izan ez. Eta hirugarren gustukoena, bere indarrak eta desafioak. Umore izugarrizkoa zuen bertsotan, nahiz hitz egiten.

Eta inportanteena, bertsotarako bere hiru gairik maiteenei erreparatuz, bere buruari ere barre egiten zekiena. Norbaitek basa kristaua izenez ere definitu omen zuen Lexoti.

Bertso lagunik onena Joxe Joakin Mitxelena zuen. Honekin aritzen zen gustura. Ereñozura arrebarekin bizitzera joan zenean, hala esan omen zuen bisitatzera joan ziren oiartzuarrei: -Zer, Oiartzun alde hortan ba al bertsolaririk? Orain Mitxelena ibiliko duk nagusi Koxme Lizaso hartuta. Lehen ni nintzen nagusi Mitxelena hartuta, baina.

Itzai, korrikalari, baso-gizon, aizkolari, harri jasotzaile, bertsolari Zer ez zen izan gure Lexoti? Gizon umoretsua. Goian bego Lexoti bertsolari oiartzuarra! Goian bego!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos