ANTZUOLA / Mundumira kulturen festak argazki erakusketa ekarriko du gure herrira

Iñurrategi-Baltistan Fundazioak jarriko du datozen bi asteburuetan

JOSEBA LEZETA

ANTZUOLA. DV. Mundumira munduko kulturen festa ospatzen ari da hilabete honetan Debagoienan eta Antzuolak ere hartuko ditu pare bat ekitaldi. Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioak argazki erakusketa jarriko du Olaran etxean datozen bi asteburuetan. Hilaren 20an, 21ean, 27an eta 28an egongo da zabalik. Astegunetan ez irekitzea erabaki dute antolatzaileek. Aipatutako lan egun horietan, eguerdian zein arratsaldean zabalduko dute.

Mendiari lotutako argazkiak, baina fundazioari izena ematen dion Pakistango eskualde horretako bizimoduari buruzkoak ere. Kanpoko kulturen berri ematea da, hain zuzen, Mundumiraren helburuetako bat. Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioak Machulu herria aurrera ateratzeko elkartasun proiektua du martxan.

Argazki erakusketaz gain, Antiguako errotara bisita gidatua egingo da maiatzaren 28an, gaur hamabost, goizeko hamaiketan. Debagoienan herriz herri zerbait erakutsi nahi dute eta Antzuolan errota aukeratu dute.

Triptikoa

Antzuolaren berri emateko triptikoa kaleratu dute. Nolabait ere herria ezagutzera eman eta turismoa bultzatzeko balioko du. Ondarea, jarduerak, jaiak, Mairuaren Alardea, kokapena, inguruko zenbait monumentua eta abar bildu dituzte triptiko honetan.

Antiguako Ama Birjinaren eta Kalbarioaren, Uzarragako elizaren, Otain karobiaren, San Martzialgo pitterraren, Ugartetorre eta Iriartegaineko baserrien eta armarriaren argazkiak agertzen dira bertan, besteak beste.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos