«Shakespeareren antzerki lan baten argumentua Nafarroan gertatzen da»

Atzerritarrek Euskal Herria dute hizpide Joxefe Diaz de Tuestak etzi aurkeztuko duen liburuan

KEPA OLIDEN
«Shakespeareren antzerki lan baten argumentua Nafarroan gertatzen da»/
«Shakespeareren antzerki lan baten argumentua Nafarroan gertatzen da»

«Euskal Herria atzerritarren ahotan» du izenburua Joxefe Diaz de Tuestak argitara eman berri duen liburuak. Erromatarren denboratik hasi eta gaur egunera arte Euskal Herriari eta euskaldunei buruz konta ahala testu idatzi dira. Horietako batzuk bildu ditu 248 orrialdeko ale honetan autoreak, Diego Martiarturen laguntzarekin. Esku artean ibili dituzten testuetatik 130 autoorerenan baino ez dituzter aukeratu. Argitalpena euskaraz da, jatorrizko testuak gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez badaude ere. Liburua martitzenean aurkeztuko da Kajoi tabernan 19.00etan.

-Zerk bultzatu zintuen liburu hau idaztera?

-Orain dela bost urte hasi nuen lan hau. Hasiera batean nire asmoa zen testu labur batzuk biltzea, banaka batzuk baino ez, Arrasate, irudiak liburuan argitaratzeko. Uste baino gehiago bildu nuen eta, gainera, konturatu orduko gaiak harrapatuta nengoen. Gero Oñati, irudiak liburuan ere aipu gehiago argitaratu nuen. Orduan konturatu nintzen pena zela lan hori, niri biltzen hainbeste kostatutako materiala, ez zabaltzea. Eta argitaratzea erabaki nuen. Zalantzan egon nintzen Internet-en jarri edo liburu moduan argitaratu. Orain, liburua ikusita, aukera ona egin dudala uste dut.

-Nola eta noiz hasi zinen ikerketa hau egiten? Nola moldatu zara ikerketa hau egiteko lanorduetatik kanpo?

-Bildu ditudan testu gehienak artxiboetan aurkitu ditut, Gasteizko Sancho El Sabio Fundazioan, batez ere. Banaka batzuk, oso gutxi, liburu dendetan aurkitu ditudan testuetan. Astean behin edo birritan artxibora joaten nintzen testu bila. Behar nituen testuen fotokopia egin eta gero etxean egiten lantzen nituen: testuak irakurri, niri gustatutako testu zatiak aukeratu, ordenadorean sartu eta sailkatu. Horixe izan da lana. Askotan testu batek beste testu edo autore batzuen berri eman izan dit eta horrela lortu dut apurka-apurka lana osatzea.

-Nola ikusi dute Euskal Herria mendeetan zehar etorri izan diren bidaiariak?

-Liburuan azaltzen diren autore guztiak ez ziren Euskal Herrian izan, ez ziren bidaiariak. Estrabon, erromatar garaiko geografo grekoa, adibidez, ez zen Euskal Herrian izan. Baina bazuen informazioa, beste geografo batzuek egindako lanak erabili zituen, eta hainbat azalpen eman zuen Euskal Herriari eta euskaldunei buruz. Dante, Boccaccio eta Shakespeare ere ez ziren Euskal Herrian izan eta, hala ere, bazuten euskaldunen berri. Beste asko, berriz, bidaiariak ziren. Bestalde, zaila da labur esaten nola ikusi duten atzerritarrek Euskal Herria. Bidaiaria bakoitzak eta autore bakoitzak bere ikuspegia du. Hala ere, badaude estereotipo batzuk, askotan errealitatean oinarrituta daudenak. Euskal Herri pobrea eta euskaldun basati eta gerlariaren topikoa dago, erromatarren garaian batez ere. XV-XVII. mendeetan, berriz, euskaldun abenturazale eta alaiaren irudia eman zuten bidaiariek. Autore erromantikoek Euskal Herri bukolikoa aurkitu zuten, berezko balore etiko handiak zituen herria, herri idealizatu bat, seguru asko. XX. mendean, berriz, mota guztietako iritziak izan dira eta topikoek indarra galdu dute, nire iritziz.

-Zer dela-eta etorri ziren Euskal Herrira?

-XX. mendera arte Euskal Herrira etorritako bidaiari asko merkatariak ziren edo, bestela, militarrak eta nobleak. Erromesik ere izan zen, Santiagora bidean zihoazenak. Bestela ere hizkuntzalariak etorri izan dira Euskal Herrira euskarak erakarrita. XIX. mendean idazle erromantikoak eta dirudun turistak etortzen ziren, asko Euskal Herriko Iparraldera, Miarritzera batez ere. Eurek zabaldu zuten, nolabait, euskaldun fededunaren mitoa, arraza garbiaren eta euskal nazioaren ideiak.

-Zer aurkikuntza edo bitxikeria topatu duzu lan horretan?

-Shakespeareren antzerki lan baten argumentua Nafarroan gertatzen da. «Nafarroa miragarria izango da munduarentzat» hitzak jarri zituen Shakespearek obra horretako pertsonaia baten ahoan. Bestetik, literatura erotikoan oso ezaguna den idazle batek -Anais Ninek, alegia- euskaldun bat aukeratu zuen bere ipuin bateko pertsonaia nagusi moduan. Euskaldunak Kanadako indioekin harremanetan jarri ziren eta elkarri ulertzeko hizkuntza bat sortu zuten, euskaran eta indioen hizkuntzan oinarritutako pidgin bat. Hori autore askok esan dute eta oso dokumentatuta dago.

-Nor izan zen gustukoen duzun bidaiaria?

-Liburuan jaso ditudan autore gehienek dute zerbait interesgarria iruditzen zaidana. Rodney Gallop diplomatiko eta folklorezale ingelesa, adibidez, oso gustukoa dut, Euskal Herria desmitifikatzen saiatu zen, Euskal Herria mitikoaren gezurrak eta euskaldunei buruzko topikoak agerian jarri zituen. Hala ere, oso gauza politak esan zituen, asko maite zuen Euskal Herria. John Adams Estatu Batuetako bigarren presidenteak ere oso gauza politak esan zituen: Bilbon izan zen eta euskal foruen berri izan zuen. Batzuen iritziz, John Adams-en bidez euskal foruek eragina izan zuten Estatu Batuetako Konstituzioaren testuan. Arturo Arlt argentinar kazetariak ere oso ikuspegi pertsonala eman zuen: oso zorrotza zen, errespetu handiz idatzi zuen Euskal Herriari buruz, hemen ikusi zituen gauza askorekin ados ez bazegoen ere.

-Bidaiari ilustre eta erromantikoen garaia pasatu da. Egun komunikabideek betetzen dute eginbehar hori. Zer deritzozu?

-Gaur egun kazetariak dira nagusi komunikabideetan eta eragin handia dute jendearen iritzietan. Batzuk oso profesional onak dira. Beste batzuk, berriz, interes «nazional» eta ekonomikoen morroi dira, agintearen zerbitzari. Badira «chauvinistak» ere. Denetarik dago. Garai batean erregeek eskatzen zieten gorteko kronikagileei bere figura goraipatzeko eta etsaiak iraintzeko. Denboraz, ordea, garbi ikusten da zer nolako gezurrak esan diren, nork eta zergatik esan dituen.

-Euskal Herriaren irudiak, gatazka politikoa medio, manipulazio latzak jasan eta jasaten ditu? Ba al dago, egun, iturri fidagarri edo objektiborik?

-Ni ez naiz komunikabideetan aditua. Nik badauzkat nire iturri fidagarriak. Iturri fidagarria iruditzen zait niri hona oporretan datorren turista, gehienetan etxera bueltatu eta iritzi ona, oso ona, eramaten duena. Toni Strubell kazetari katalana eta Mark Kurlansky estatubatuar idazlea oso iturri onak dira. Selma Huxley ikerlari kanadiarra, William Douglass antropologo estatubatuarra.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos