USURBIL / Bigarren jubenil mailako taldeak liderra gainditu zuen Zubietan

Lehenengo Erregional mailakoak galdu gabe jarraitzen du

JOSU ARANBERRI
USURBIL / Bigarren jubenil mailako taldeak liderra gainditu zuen Zubietan/
USURBIL / Bigarren jubenil mailako taldeak liderra gainditu zuen Zubietan

USURBIL. DV. Igoera fasea jokatzen ari den 2. jubenil mailako futbol taldeak Alde Zaharra liderra mendean hartu zuen pasa den larunbatean Zubietako belar artifizialeko zelaian. Usurbildarrak oraindik partidarik irabazi gabe zeuden ligaxka berri honetan, eta lehen itzuliko azken neurketan lortu zuten garaipena.

Sei partidetatik bost irabazi eta bakarra galduta zegoen Alde Zaharra taldeak amore eman behar izan zuen Zubietan. Ez zen ohiko neurketa izan, epaileak asko baldintzatu baitzuen partidaren nondik norakoa. Ez zuen erabaki zuzenik hartzen ez alde batera eta ez bestera, baina herriko taldea izan zen kaltetuena. Birritan penaltia adierazi zuen usurbildarren aurka eta etxeko taldeak sartutako baliozkoa zen gol bat ere ezerezean utzi zuen.

Hala ere, azkenean Urtzi Izagirrek zuzendutako taldeak lortu zuen garaipena. Alain Arrillaga atezainak bi penaltiak gelditzea lortu zuen eta Eneko Golderosek egin zuen usurbildar gazteen gola ia kanpo erditik egindako jaurtiketa baten bidez.

Garaipen honekin, azken postutik atera dira. Lehen itzulia 5 punturekin amaitu dute, baina oraindik neurketa bat dute amaitu gabe. Hala ere, azken garaipen honek emandako indarrarekin ea bigarren itzulian puntu gehiago lortzeko gauza diren.

1. Erregional mailako taldeak, berriz, menperaezinak direla dirudi. 34 punturekin beraiekin berdinduta zegoen Behobia taldearen aurka jokatu zuten larunbatean Irunen eta 2-2 berdindu zuten. Dagoeneko 16 dira galdu daramatzaten neurketak.

Hala ere, laugarren garaipena jarraian lortzeko zorian izan ziren usurbildarrak. Partida amaitzeko gutxi falta zela 1-2 aurretik ziren, baina azkenean ezin izan zuten aldea mantendu eta Behobiak berdinketa lortu zuen. Unai Lataillade eta Xabier Orbegozo izan ziren taldeko golegileak.

Berdinketa honekin seigarren postura pasatu da herriko taldea eta 35 punturekin bosgarren dagoen Behobia taldeak dituen puntu berak ditu. Laugarren postua, berriz, puntu bakarrera dute eta hirugarrenak, Oiartzunek, zazpi puntu gehiago ditu.

Azkenik, Emakumezkoen ligako taldea izan zen asteburuan punturik lortu ez zuen bakarra. Herriko neskek ezin izan zuten ezer egin Ostadarren aurka eta 8-0 galdu zuten.