«Terapia izan da niretzat liburua idaztea: hustuketa eta liberazioa»

Hogeita hamar urteko ibilbidean sortu dituen abestiak aurkeztuko ditu hastear duen biran. Atzerago jo du, ordea, bere lehen liburua idaztean

N. AZURMENDI
«Terapia izan da niretzat liburua idaztea: hustuketa eta liberazioa»

DONOSTIA. DV. Musikari eta abeslari ez ezik, ekoizle eta enpresaburu ere bada azken urteotan Gontzal Mendibil. Eta idazle, oraingoz liburu bakarrekoa bada ere. Pozik omen dago, oro har, Durangoko Azokan aurkeztu zuen Gorbeiako haizeari buruz jaso dituen iruzkin eta inpresioekin. Badirudi, ordea, are onuragarriagoa gertatu zitzaiola idazketa-ariketa bera, uneren batean lan gogorra izan bazen ere. Bide horretan aurrera jarraitzeko prest dago, gainera.

-Atzera begira idatzi duzun liburua, hogeita hamar urteko ibilbidea biltzen duen diskoa eta ibilbide horixe taula gainean berregingo duen bira. Bolada nostalgikoren batek harrapatu al zaitu?

-Baliteke itxura hori ematea, baina ez da zuzen-zuzena. Haustura bat dagoenean, eta nire kasuan aitaren heriotzak ekarri zuen haustura, bada gogoeta egin beharra: joan denarekiko harremanari buruzkoa, zure belaunaldiaren eta haren belaunaldiaren arteko harremanaren ingurukoa... Une hartan ikusi nuen zenbait gauza gelditu zitzaizkidan aitari esan gabe. Konturatu nintzen 30 urtean eman nion besarkada bakarra taula gainean eman niola, Iparragirre ikuskizunean, gure rolek hala eskatzen zutelako. Oso harreman ona geneukan baina, euskaldun askori gertatzen zitzaigun bezala, asko kostatzen zitzaigun elkar ukitzea, besarkatzea, sentimentuak agerian uztea eta espresatzea. Lehendik ere sentitzen nuen behar hori, baina aitaren hutsunea nabarmendu nuenean hasi nintzen premia bera ere gehiago nabarmentzen. Eta idazten hasi nintzaion, aitari; harekin hizketan.

-Idazlan pribatua zen, hortaz, hasiera batean.

-Erabat. Idazlan baino, terapia, hustuketa, liberazioa... Horixe izan da niretzat liburua idaztea. Uneren batzuetan, ariketa gogorra ere izan da, nork bere barrenera egiten dituen bidaiak ez baitira errazak. Amaitutakoan, ordea, zeharo liberatuta sentitu nintzen, gainetik zama handi bat kendu izan banu bezala. Ustez ahaztuta nituen oroitzapenak ere berreskuratu ditut prozesu horretan.

-Zergatik erabaki zenuen, bada, ariketa intimo hori zure liburua erosiko duten ezezagunekin partekatzea?

-Berrehun bat orrialde idatzita neramatzanean, gai hauetan aditua den adiskide bati erakutsi nion lana, eta hark animatu ninduen. Esan zidan liburuan kontatzen ditudan anekdota eta pasarte askok etnografiaren aldetik ere bazutela interesik, edonorentzat zirela jakingarriak. Nire oroitzapen eta gogoetak eta Gorbeialdeko kontuak irakurleekin partekatzea erabaki nuen, azkenean.

-Zeuk esan bezala, osagai asko ditu liburuak, baina biltzen dituzun oroitzapen eta gogoetetan nabarmena da memoriari, iraganari eta antzinatik datorren katea ez eteteari ematen diezun garrantzia. Ez al ditugu gaur egun behar bezainbeste baloratzen?

-Iraganari bizkar emanda bizi gara, ikuspegi kolektibotik zein ikuspegi pertsonaletik. Nahiago dugu gauzak ahaztea gogoratzea baino, nahiago eskaparatean bizitzea, batere sakontasun barik. Sakontasunak beldurtu egiten gaitu. Alde horretatik, asko dugu ikasteko lehengoengandik. Gero, Gorbeialdea ere badago liburuan, nire herria, tradizio handiko ingurua. Gaurko gizarteak ez du harremanik izan nahi iraganekin, baina tokiren batzuetan indar handia du oraindik, eta nik uste dut beharrezkoa dugula memoriara jotzea zer izan garen eta nolakoak izan garen jakiteko eta asumitzeko. Horrelakoak izan garelako gara garen modukoak, hori ezin da disimulatu, aintzat hartu behar da. Ez pentsa, ordea, liburua gauza izugarri transzedentala denik. Umoreak ere tarte handia du.

-Eta atseginez irakurtzen da...

-Asko pozten nau bizkaitarra ez ez den norbaitek hori esaten didan bakoitzean. Liburu hau ezinbestean idatzi behar nuen nire euskeran, amamarengandik ikasitakoan, aita zenarekin hitz egiteko erabiltzen nuen euskeran. Gure herrikoari uko egin gabe, edonork ulertzeko eran dago idatzia, eta hiztegitxo bat ere erantsi diot atzealdean, ilun gera daitezkeenak argitzeko.

-'Liburu hau' esan izanak besterik izango dela aurreratzen al du?

- Egia esateko, harrapatu egin nau prosan idazteak, abestiak-eta idaztea baino neketsuagoa izan arren. Seguruenik, honen ondotik etorriko da besteren bat. Ez dakit zer eta ez dakit noiz, baina nahiko argi daukat. Saiakera edo gogoeta lanen bat, agian...

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos