Bi literatura sari Irati Goikoetxea beasaindarrarentzat

J.U.
Bi literatura sari  Irati Goikoetxea beasaindarrarentzat

BEASAIN. DV. Irati Goikoetxea Asurabarrena beasaindarrak bi sari jaso zituen Hondarribiako XXI. Bordari eta Satarka literatura lehiaketan. Batetik, 18 urtetik gorakoen mailan, helduen A mailan hain zuzen, Bordari ipuin lehiaketako lehenengo saria erdietsi zuen Aspaldi alde egin zidan udaberriak lanarekin. Bestetik, Satarka olerki lehiaketan, kasu honetan ere helduen A mailan, bigarren saria eskuratu zuen Txo- kolatezkoak lanarekin. Aipatu sariak iragan abenduaren 18an banatu ziren.

Aipatzekoa da azken lau urteetan jarraian izan dela Irati Hondarribiako literatura lehiaketan saritua, eta sariketa hau bereziki maite duela ere aitortu digu 21 urte egin berri dituen gazteak: «Oso sari banaketa polita izaten da, epamahaikide den Juan Gartzia idazlearekin saritutako lanaz solasean aritzeko aukera izaten baitugu; aurten baina, ez du joaterik izan eta berarekin hitz egiteko gogoz gelditu naiz. Hala ere, saiatuko naiz Juanekin harremanetan jartzen, aberatsa baita burutu duzun lanaren balorazio zuzena jasotzea».

Irati Matematika ikasketetako laugarren maila burutzen ari da orain Leioan, baina, urtean lauzpabost ipuin eta olerki sorta zabala idazteko astia hartzen du, baita larunbatero-larunbatero Segura irratiko mikrofonoei ahotsa jartzeko ere.

Aspaldi alde egin zidan udaberriak ipuinak neska gazte baten gogoetak jasotzen ditu. Autobus batera igotzen da, noragabe, bere buruaz beste egiteko asmotan eta inguruko bidaia kideek sortzen dizkioten sentipenak ditu kontagai. Denborarekin egiten du jolas, iragana gogoratuz eta etorkizuna asmatuz, korapilatsuegia zaion orainari aurre nola egin asmatu ezinda.

Txokolatezkoak lan sarituari dagokionez, berriz, haurtzaroari loturiko olerki sorta idatzi du Iratik. Kasu horretan, ume baten begiek idatzitako olerki goxoak dira, txokolatezko olerkiak, hain zuzen ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos