Juanma Sarasolak 'Ametsek ez dute kartzelarik' olerki bilduma plazaratu du

Egile bidasoarrak estilo eta gai ezberdinak erabili izan ditu liburuak biltzen dituen 72 poemak idazterakoan Berriako kazetariak hainbat musika taldeei letrak eginez gain Bordari eta Satarka lehiaketan saritua izan da

XABIER GALARTZA
Juanma Sarasolak 'Ametsek ez dute kartzelarik' olerki bilduma plazaratu du

HONDARRIBIA. DV. Ametsek ez dute kartzelarik Juanma Sarasola Murgiak, Xaun (Irun 1969) plazaratu duen olerki liburuaren izenburu esanguratsua da. Baionako Maiatz argitaletxearen bidez Berriako kazetari honek kaleratu dituen gai eta estilo ezberdinetako 72 olerkiak bere gaztarotik egun arte sortuak izan dira.

Liburuaren aurkezpena Zuloaga etxean burutu zuen atzo Maiatz aldizkariaren zuzendaria, Luzien Etxezarreta, eta Agustin Zamora, Senpereko Hatsa elkarteko arduradunarekin batera. Lekuaren aukeraketaren azalpena eman zuen egileak adieraziz «sustraiak ekarri naute hona. Irundarra izanik lotura handia daukat Hondarribiarekiko, familia erdia hemen daukat, eta gainera nere aita bertakoa baita».

Agustin Zamoraren esanetan liburua «kezka, sentimendu eta ametsen adierazpenak dira», bere ikuspuntutik irakur daiteken mezua «askatasunaren gosea» da. Egileak bat egin zuen jarraian liburuaren azaleko argazkia (Iñigo Txintxurretak eginikoa) adierazterakoan. Bertan Siriako anfiteatroko eskenatoki erdian beso zabalez agertzen da «munduari irekita», zion.

Sarasolak betidanik bere sentimentuak nolabait kanporatzeko eta azaltzeko grina izan du. Idaztea bere lanbidea izateaz gain, literatur munduan murgildu izan da. Adibide dezente dago. Urtero Hatsa elkarteak plazaratzen duen bilduman parte hartzen du beste hainbeste egileekin batera. Bertan hamaika lagun agertzen dira, batzuk oso ezagunak: Itxaro Borda, Joan Mari Irigoien edota Juan Kruz Igerabide.

Barreneko kezkak airatu

Honez gain, Xaunek orain dela hiru urte Bordari eta Satarka lehiaketan herriko egile onen saria eskuratu zuen. Hainbat musika taldekin parte hartze eta kolaborazioak bete izan ditu letrak ere idatziz: Auskalo, Lasai-Massai, Gaxen eta Doktor Deslai, taldeei besteak beste. Zalantza izpirik gera ez dadin egile berak aitortu zuen Ametsek ez dute kartzelarik olerki bilduma sortu izan duela «barreneko kezka kanporatzeko eta beharragatik. Beti izan dut idazteko beharra, neretzat edo lagun bati. Saiatu naiz ere nere lanak bildumetan edo aldizkarietan kanporatzen», gainerazi zuen.

Arlo eta gai ezberdinak aurki daitezke plazaratzen duen bere lehen liburuan. Bildumaren lehenengo atala ekimen sozial eta politikoekin lotura dauzka, bigarrena maitasuna eta desamodiorarekin zerikusia du. Hirugarren batean mundu mailan eta Euskal Herriari buruzko gaiak jorratzen ditu eta laugarrenean umorea eta erotismoa ukitu dituztenak bil-tzen dira.

Estiloari dagokionean Sarasolak argi utzi zuen askatasunez murgildu dela, moeta ezberdinak erabiliz. «Olerki guztiak ez dira estilo berberakoak. Batzuk kantuak izateko idatziak izan ziren eta bere musika dute, beste ba-tzuk bertso tankera hartzen dute eta badago beste moeta libreak direnak, mugarik gabekoak».

Plazaraturiko olerki guztiak euskaraz idatziak izan dira, hiru salbuespenekin. Bi lan gaztelaniaz eta bakarra ingelesez eginak ere agertzen dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos