Zorioneko etekina

Hori da, hori, etekina atera beharra ume edo gaztetxo bati, kosta ahala kosta!

PELLO ESNAL

Heriotza mediatikoren bat gertatzen denean -oraintsu, Blanca Fernández Ochoarena bezala-, egunetako jakia izaten dute komunikabideek. Batzuek minutuak eta minutuak betetzen dituzte; beste batzuek orriak eta orriak. Azkenean, denboraren joanak irensten ditu minutuak, eta orbel bihurtzen dira orriak. Hala ere, tarteka, halako argi-izpiren bat uzten digute oroimenean.

Komunikabideek badakite zer nahi dugun ikus-entzuleok eta irakurleok: zenbat gustatzen zaigun morboa edota auzoa gobernatzea. Gero, batzuk grina eta irrika horiek elikatzen saiatuko dira; beste batzuk informatzera mugatuko. Bezeroon eskuetan dago hortik aurrerakoa.

Hildako eskiatzaileari buruz plazaratutakoen artean, idazlan bat bereziko dut. Joan den 5ean argitaratu zuen egunkari honek, orrialde osoa hartuz: Icíar Ochoa de Olano kazetariaren «Adiós a la reina azul de las nieves». Kazetaria ez zen errazkeriatan erortzen, baina zurikeriatan ere ez. Pasarte esanguratsu bat azpimarratu eta honela euskaratu nuen:

Blancak sei urte besterik ez zituen eskiatzen hasi zenean. Ez zen bere gustuz hasi; familiak aginduta baizik. Ez zitzaion interesatzen. Baina tematu egin ziren gurasoak. Hainbeste, non azkenean Viellara bidali zuten, Pirinioetara, ondo eskiatzen ikas zezan. Blancak, eliteko beste kirolariek bezala, barnetegietan eta entrenamendu-saio nekagarrietan pasa zituen haurtzaroa eta gaztaroaren zati handi bat.

Asko diote 'elite', 'barnetegi' eta 'entrenamendu-saio nekagarri' horiek. Baita ondorengo 'pasa zituen' soilak ere; 'erre zituen' idatz zezakeen kazetariak, baina dena esana zegoen. Geroxeago, berriz, 'centro de alto rendimiento' delakoa aipatzen zuen. Zorioneko etekina! Hori da, hori, etekina atera beharra ume edo gaztetxo bati, kosta ahala kosta!

Gutako askori ez zaigu zaila gertatutako ezagunen batzuen izenak jartzea pasarte horretako lagunei. Baina, izenik ipini gabe, benetako kasu bat berrituko dut. Semea adimenez neurriz kanpokoa izan nonbait, eta hor iritsi zaie gurasoei gutun bat etekin handiko zentro batetik: hango ate guztiak zabalik dituztela semearentzat. Gurasoen erantzuna: eskerrik asko, baina seme normala nahi zutela.

Semea etxean geratu zen eta herriko eskolan jarraitu zuen ikasten eta jolasten. Gero, unibertsitateko ikasketak amaitu zituen. Gaur, ikasturte berri honen hasieran, ohiko bizimodua daramate gurasoek eta seme-alaba guztiek.

Temas

Euskera