Borrar

Zerbitzari zakarrak

Bai horixe ·

Iruditzen zaigu adeitasunak menpekotasunaren antzeko zerbait adieratzen duela

Astelehena, 11 azaroa 2019, 07:16

Comenta

Seguru irakurleari gertatu zaiola antzeko zerbait. Sartu zara denda batean eta saltzaileak ez dizu kasurik egiten, telefonoz hizketan ari delako edo auskalo zertan. Ikusi zaitu, agian ateko txirrinak ere jo du, baina saltzaileak beste zereginak ditu, saltzetik haratago. Azkenean, mesede egingo balizu bezala biltzen du arreta zugan, gogo txarrez.

Edo bazoaz banketxe batera eta bertako langileak ez du aurrean dituen paperetatik edo ordenagailuaren pantailatik bista altxatzen tarte luze batean, gardena bazina bezala. Edo eskatu nahi diozu funtzionario bati behar duzun informazioa eta modu txarrean artatzen zaitu, bere bake santua urratzen ari zarelakoan. Agian taxi bat hartzen duzu, karga-karga edo leher eginda eta taxilariak, muturra okertzearekin nahikoa ez eta errietan egiten dizu ibilbidea laburra delako, ez berak nahiko lukeen adinakoa Cadizeraino joan nahi luke eta zuk bulebarretik etxera baino ez.

Antzeko zerbait gerta daiteke jatetxe batean edo taberna baten terrazan, teorian zure esanetara dagoen langilearen jokaerak adierazten duela zuri, bezeroari, egiten dizula mesede, gogoz kontra egin ere. Hementxe bertan lehen hitza euskaraz egiteak oraindik sortzen dituen arazo ugariak aipatu gabe.

Funtzionarioen kontua desberdina da, baina gainerako kasu guztietan pentsa dezakezu agian langile horren soldata eskasa dela oso, lanpostua ez dela finkoa, egin dituen ikasketak baliatu ezin dituelako ari dela beste lan horretan, ez duela saltzaile, taxilari edo zerbitzari izan nahi, kokoteraino dagoela edo zurekin kitatu nahi duela jabearekin duen kontua, zure ipurdian egiten diola ostiko jabeari, nagusiari.

Gauza da gutako edonork sarritan egiten duela topo zakarkeriarekin eta gutxitan irribarre soil batekin. Nonbait, iruditzen zaigu adeitasun izpi batek menpekotasunaren antzeko zerbait adierazten duela, zakarkeriak, berriz, duintasuna. Eta ez bakarrik orain arte aipatutako egoeretan, bizitzaren edozein esparrutan baizik. Garesti saltzen ditugu irribarreak.

Ez diogu zakarkeria esaten, noski, jabetu ere ez gara apenas jabetzen, baina bertakooi hori gertatzen bazaigu beldurra ematen dit pentsatzeak ze iritzi duen jokaera horri buruz atzerritar batek, gauzak mesedez eskatu eta berehala eskerrak ematen ikasi duen batek, irribarreak fabrikatzen ikasi duen batek.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zerbitzari zakarrak