Non zaude, Chaplin?

G-7 dela-eta, nori ez datorkio gogora, Charles Chaplin, 'Diktadore Handia' filmean, Lurraren globoarekin jolasean?

Pello Esnal
PELLO ESNAL

Oporretan -eta erretiroa hartu ondoren-, aukera asko eta asko ditugu gozatzeko. Gero eta gehiago. Baina zenbat ote dira ederragoak umeak jolasean ikustea baino? Ai, horiekin batera jolas egiteko gai garen bitartean!

Umea beti jolasean ari da. Berez sortzen zaio jolasa. Ia ez daki besterik egiten. Jostailu bihurtzen du dena; baita helduok eskuetan jartzen dizkiogun lantresna serioak ere: lapitzak, paperak eta arraio guztiak. Berehala da zirrimarrak egiten bere gisa. Eta deskuiduan zergatik egiten duen hori galdetuko bagenio, bizkarra jaso eta «hargatik» erantzungo liguke xalo-xalo, hainbesteraino baleki hizketan.

'Hargatik' horretan dago giltza eta gakoa. Arrazoirik eta zergatirik gabea da umeen jolasa. Berezkoa da eta inozentzia dario. Horregatik egiten zaigu hain ederra eta inbidiagarria. Horrexek txoratzen eta zoratzen gaitu. Horrexegatik izan nahi genuke geuk ere ume.

Baina badago bestelako 'hargatik' bat ere: kapritxoso, lotsagabe eta diktadoreena. Horiena, ordea, zentzugabea da. Eta are zentzugabeagoa, helduak badira. Hauek aspaldi galdu zuten inozentzia, eta bere gutiziaren bila dabiltza kosta ahala kosta. Inbidia ez baina, egonezina eragiten digute, eta amorrua. Eta, gutxien uste dugunean, negarra.

Umearen jolasa, ordea, ez da oraindik joko bihurtu. Umeak ez daki zer diren taktikak eta estrategiak. Umearen jolasak ez du helbururik, eta ez du saririk behar. Jolasa bera du helburu eta sari.

G-7an, ez dute denborarik izango jolaserako. Eta, aukeran, hobe horrela izatea. Horiek ere aspaldi galdu zuten-eta inozentzia. Bide batez, aldeak alde, nori ez datorkio gogora Charles Chaplin, 'Diktadore Handia' filmean, Lurraren globoarekin jolasean, zertarako eta azkenean, umeen globo gehienak bezala, plaff!, lehertu eta hustuta amaitzeko? Jolas beldurgarriagorik!

Interneten eskueran dugu sekuentzia. Guztira, bi minutu eta hamabi segundo irauten du. Eta, horren osagarri, Chaplinen filmeko azken diskurtso sutsua berriz entzun nahiko bagenu, erraz berreskura dezakegu Interneten bertan. Lau minutu zirraragarri dira. Noizkoak eta 1940koak! Eta gaur-gaurkoak dirudite.

Miarritzen, azpijoko eta taktika guztien gainetik, Chaplinen sua gailenduko ahal da! Hemendik hogeita hamar urtera ere izango ahal dugu Lurrik; eta Lurrean, oraindik ere jolas egingo duen umerik! Ala gureak egin du?