Borrar

Zaharren itxialdia

BAI HORIXE ·

Hor geldituko da zahar asko, autonomo izaten jarraitzeko zuen ahalmen eskasa galduta

Astelehena, 27 apirila 2020, 06:46

Comenta

Asko da asteotan koranibirusaren inguruan esan eta idazten dena eta ezinezkoa da horiek guztiak aintzat hartzea. Azken egunotan gehien nabarmendu diren gaien artean, itxialdiaren eta adinaren arteko loturari erreparatu nahi diot hemen.

Egia da helduok ere arrazoia baliatu behar dugula agindu digutena betetzeko, ulertu behar dugula zergatik gorde behar dugun itxialdia, ez bada premiazko gauzetarako. Eta bai, zailago da berrogeialdia errespetatzea aginduaren arrazoiak ulertzen ez badituzu, haurrei gerta dakiekeen bezala. Ulertzen da gurasoen kezka, batez ere itxialdia baldintza zailetan bete behar dutenen kasuan, adibidez etxebizitza txikitan edo gela soil batean bildurik egon behar dutenen kasuan.

Bueno, lortu dute zirrikitu bat itxialdian, eskakizun ugariren ondoren, hori bai. Badira ere denda txikiak martxan jarri nahi dituztenak, eskoletako hainbat zerbitzu zabaltzearen aldekoak eta laster helduko zaigu zaharren itxialdiari buruzko eztabaida. Frantzian martxan dago «zaharren matxinada», itxialdia eta adina ezinbestean lotzen dutenen kontra, gainerakoak kalera irten ondoren ere zaharrak etxean mantendu nahi dituztenen kontra.

Gehienontzat da kaltegarria beharrezkoa den isolamendua, baita zaharrentzat ere. Utz dezagun, oraingoz, aparte zaharrentzako egoitzen egoera mingarria. Baina etxean dagoen zahar asko ere arriskuan dago. Hor geldituko dira batzuk, betiko gotortuak, autonomo izaten jarraitzeko zuten ahalmen eskasa galduta. Ezinduak. Sendagilearen aginduz kalera irteteko aholkua bete ezinaren ondorioz osasuna eskastuta.

Gutxienez badakigu etxetik kilometro batera ausartuko litzatekeen zaharra, ez dela kalean ikusten duen ezagunarengana korrika joango, haur batek egin dezakeen moduan.

Badakigu, era berean, asko bakarturik bizi direla, ez dutela beste inor kutsatzeko arriskurik. Eta, bereziki, badakigu zahar guztiak ez daudela haur bihurtuta, asko eta asko direla beraien bizitza gobernatzeko gauza, dagozkien erabakiak hartzeko gai.

Eta, halere, zaharren itxialdiaren luzamendua ez dago oraindik eztabaida publikoan, erkidego autonomo honetan 65 urte baino gehiago dugunon kopurua ia biztanleriaren laurdenera heltzen bada ere. Noski, zaharren itxialdiaren erabatekotasuna hobe beharrez hartu da, zaharren onerako, baina zaharren parte hartzea aintzat hartu gabe. Zaharrak bazterrean, koronabirusaren berri ez genuenean bezalaxe.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zaharren itxialdia