Borrar

Zaharren dirua

Bai horixe ·

Hor daude jubilatu aberatsak, diru eskasia zer den ez dakitenak

Astelehena, 28 urria 2019, 10:55

Comenta

Kosta zaie, baina badirudi azkenean hainbat enpresa jabetu dela zahar askok dirua duela eta, gainera, duen hori gastatzeko asmoa. Antzeko zerbait kontatzen digute hedabideetan ikusten ditugun iragarkiek. Kosta egin zaie, oraindik ere uste dutelako gaztaroa dela bizitzaren gailurra, hor dagoela edertasun posible bakarra. Ideologiaren aurretik, ordea, negozioa dago, dirua.

Enpresek, berriz, batez era saldu nahi dute eta errealitateari amore eman behar izan diote. Hortik tindatu gabeko ile zuriak zaintzeko produktuak, gorputz zahartuak sasoian mantentzeko ekoizkinak edo zahartzaroaren aje errealak nahiz asmatutakoak sendatzen omen dituzten zerak. Ulertu dute gaurko zaharrak ez direla aurreko belaunaldietakoak bezalakoak eta ulertu dute ez duela zentzurik, ustez zimurrak ezabatzen dituen krema saltzeko, irudian hogeita gutxi urtetako neska bat aukeratzea.

Noski, iragarkietan azaltzen diren zaharrak osasuntsuak dira eta zoriontsu dirudite, baina gutxienez azaltzen dira eta frogatzen dute edertasuna ez dela gaztaroaren ezaugarri esklusiboa. Gaurko zahar guztiek ez dute pentsatzen zahartzaroa sufrimendua hutsa denik, alderantziz, askoren hitzetan zahartzaroa disfrutatu egiten dute, irrikaz disfrutatu ere, ia amorruz.

Badakigu zahar eredugarri horien gainetik edo atzetik zahar pobreak badaudela, bakardadean itotakoak, miseriatik hurbil, neguaren beldur, heriotzaren zain. Baina gutxitan aipatzen badira ere, hor daude jubilatu aberatsak, diru eskasia zer den ez dakitenak eta bizirauteko hamaika baliabide dutenak. Horiek dira iragarkigile batzuk jomugatzat hartu dituztenak, horien diruaren bila ahalegintzen dira.

Horregatik itzuli dira iragarkietara garai bateko aurpegi ezagunak, berreginak, eraldatuak, pasaratuak, baina ezagunak. Gurekin batera zahartu dira eta gu bezalaxe zahartu ez badira ere, egokiak dirudite guri zerbait saltzeko. Gezur borobila esanez, noski, ez baitaude dauden bezala merkatuko krema merkeenetako bat gauero erabili dutelako.

Norabide bikoitza dute iragarkiek. Batetik, gizartearen korronte nagusienetan oinarritzen dira, hor sartzen dute aingura, eta bestetik, jendearen helburuak marrazten dituzte, askoren zerumuga baldintzatzen dute. Eta bitartean, gure diruaren norabidean zuzentzen dituzte edozer saltzeko ahaleginak.

Kasu egin ala ez, norberaren esku dago.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zaharren dirua