Whatsarrizketa

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Erabakiak demokratikoki hartzea gauza handia da, baina lagunarte batean erabakiak hartu behar direnean, gauzak ez dira horren errazak. Lagunartea hasi da mugikorrei txinpartak ateratzen, 10 segundoro mezu berri bat dago txatean, hitz-kolpe zirtatsu bat, pista azkarreko teniseko partida batean edo frontoi batean baleude bezala, dejada, bi pareta eta guzti: noiz egingo duten afaria, non, jatetxe batean ala elkarte batean, mozorrotuak ala mozorro gabe, seme-alabekin ala gabe, aitaginarrebekin ala gabe, eta abar. Eztabaida sanoa da, umoretsua, baina ideia-trukaketa horien arazoa da ia Azken Epaiaren Eguneraino luza daitezkeela inork ezer erabaki gabe. Urliak nahiago ditu jatetxe txinatarrak edo ekialdekoak, eta ezin du geratu urriaren 15ean; Sandiak nahiago ditu jatetxe tradizionalak, edo, zergatik ez, elkarte bat (esan gabe doa Sandia ez dela inolako elkarteko bazkidea); Berendiak, ordea, ireki berri duten jatetxe perutar bat eta goi sukaldaritzako moda-modako beste jatetxe bat aipatu ditu; laugarren batek gogorarazi die besteei beganoa dela; bostgarren bat ere badago, zeliakoa dena; seigarren batek alergia die izozki bidez egindako gatzozpinei, batez ere guakamolekoak badira.

Egunak daramatzate whatsarrizketan, eta proposamen eta txisteak barra-barra trukatu dituzte, baina ezer erabaki gabe. Ezin uka primeran pasatzen ari direnik, eta, tarteka, baten batek, aspaldiko argazkiak bidaltzen ditu whatsappera, 80ko hamarkadakoak, eskola garaian zeudenekoak, edo parrandaren batekoak. Iji eta aja badoaz egunak aurrera, uneoro mugikorrari atxikita, nobedaderik ez galtzeko. Dagoeneko ahaztu egin zaie zer dela eta hasi zen whatsarrizketa. Hori gutxienekoa da.