Uztailaren hemezortzia

 Belaunandien arabera, batzuentzat data ez zen esanguratsua

ARANTXA URRETABIZKAIA

Bileraren bukaeran hurrengo hitzordurako data eztabaidatzen ari ginen, nik aste honetan ezin dut, nik datorren asteartean ezin, ez bada azken orduan... Azkenean hurrengo osteguna aukeratu zen eta hitzordua apuntatzerakoan norbaitek esan zuen egun hura seinalatua zela, alajaina, uztailaren hemezortzia.

Galde ikurrak marraztu ziren taldeko bizpahiruren begietan. Uztailaren hemezortzia, errepikatu zuen, baina galde ikurrak ez ziren ezabatu. Orduan pentsatu zuen agian arazoa hizkuntza zela, gaztelera erabili ezkero datak beste oihartzun bat izango zuela. 'Dieciocho de julio' esan zuen.

Alferrik. Adiskideak esplikatu behar izan zuen egun zehatz horretan, 1.936.ean, altxatu zela Franco errepublikaren kontra. Han bilduak geunden guztiak frankismoaren biktimen eskubideen aldekoak ginen baina, belaunaldien arabera, batzuentzat data ez zen esanguratsua.

Zaharrok, aldiz, betiko genuen gogoan gordea uztailaren hemezortzia, burmuinean iltzatua. Urtea ere bai, baina batez ere eguna eta hilabetea zaizkigu esanguratsuak. Gazteek, berriz, ahaztua zuten xehetasun hori, frankismoak oraindik guztiongan duen eraginaren berri bazuten ere.

Ez dute, guk bezala, milaka aldiz entzun eskolan, elizan, kalean, irratian egun horretan hasi zuela Francok gerra, egun zehatz horretan lehertu zela berrogei urte iraungo zuen diktadura. Uztailaren hemezortzia infernuaren ataria da zaharrontzat, uztailaren egun soila gazte askorentzat

Gainera, aspalditik egun hori ez da festa eguna eta gutxitu dira iraganean zerua bera estaltzen zuten bandera gorri-horiak. Taldeko gazteentzat uztaileko egun arrunta besterik ez da. Bilera hartan zeuden gazteek ez zekiten ere zergatik esaten genion piper potoa banderari.

Orduan etorri zitzaidan gogora iaz, urriaren bukaeran, autobusaren ilaran nire atzean zeuden ikasleek komentatu zutela azaroaren bata festa eguna zela, are unibertsitatean. Ez zekiten, ordea, zergatik. Neska batek esan zuen santuren bat izango zela, egun bakoitzak gutxienez santu bat duela ez balekite bezala. Kostata eutsi nion azaroaren egun horretan santu guztiak biltzen direla esateko tentaldiari. Zorioneko ezjakintasuna. Benetako doktrinatzea zer den jakin nahi duenak, galde diezaiola uztailaren hemezortzia entzun edo irakurtzerakoan, hainbeste urteren buruan, oraindik gogoan atximur bat sumatzen duenari.

Temas

Euskera