Urteurrenak

Gipuzkoako PSE-EE-ko Euskara eta Kulturako Idazkaria

HARKAITZ MILLÁN

Amaitzen den 2018 honetan euskal kulturaren eta euskararen inguruko hainbat urteurren ospatu dira.

1918an Oñatin, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Diputazioek, hainbat agintarirekin batera, Eusko Ikaskuntza/Sociedad de Estudios Vascos sortu zuten. Hasiera hartan euskal kulturaren inguruan, modernitatearen desafioak ardatz harturik, egiteke zegoen lana itzela zen. Hainbat alorretan (hezkuntzan, zientzian edota dibulgazioan esaterako ) kasik ez zegoen egindako biderik. Honela sortu ziren lehen euskarazko eskola liburuak edota Revista Internacional de Estudios Vascos/RIEV izenekoa.

Pausurik esanguratsuena Euskaltzaindiaren sorkuntza izan zen 1919an. Kulturaren kanal nagusienetakoa hizkuntza izanik, euskarak zituen beharrak atenditzea premiazkoa zen. Arautegi amankomuna bultzatu eta hizkuntzaren elementu estrukturalen batasuna bilatzea hasieratik agertu ziren egitasmoak izan ziren.

Eusko Ikaskuntzak Espainiako II Errepublika aldarrikatu zenean kulturatik politikarako jauzia egin zuen Autonomia Estatutuaren lehen zirriborroan lan egin eta euskal nazionalista eta tradizionalista karlisten gustokoa zen 'Lizarrako Estatutua' deiturikoa landu zuelarik. Ostean, gerra zibilak eta diktadurak ordurarte egindako lanak bere horretan geratzea ekarri zuen.

Sarritan uste denaren kontra, Espainiako gerra zibilak eta ondorengo Frankoren diktadurak euskaldunen mundua, baita euskaltzaleena ere, banaturik utzi zuen. Edonola ere, diktaduraren urteak, lehenengoak batipat, geldialdi handia suposatu zuten euskararen inguruko lan eta politiketan. Euskararen erabileraren kontrako politikak ugariak izan ziren garai hartan.

Demokraziaren urteak hasita, Euskal erakunde publikoen sorrerarekin batera (Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Euskal Telebista, etab…) Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren lanen martxa berriz hasi zen. Honela, beste behin, sortu berri ziren erakunde batik bat publikoekin batera euskara eta euskal kulturaren aldeko lanetan murgilduaz.

Era berean, aurten 50 urte dira Euskaltzaindiaren Arantzazuko Batzar erabakiorra ospatu zela. Jakina denez bertan euskara batuaren akordio orokorrari behin betiko bultzada eman zitzaion.

Orduan, batuaren aldeko euskaltzainek presio eta kanpainia gogorrei egin behar izan zieten aurre. Harrigarria badirudi ere, euskarak bizitza modernorako behar beharrezkoa zuen batasun linguistikoaren kontrakoak ugari ziren. Aski ezaguna da batuaren kontrako diskurtsoa euskalkien partikularismoan oinarriturik egiten zela. Honela, euskalki ezberdinen pluraltasuna batuaren aurka erabiltzen zen, euskal hiztunen arteko ezaugarri komunak alde batera utzi eta euskaldunen arteko ezberdintasun linguistikoak azpimarratuz. Pluraltasuna osatzen duten ezaugarriak batasunaren aurka erabiltzea gaur askok duten tentazioa ere bada. Dibertsitateak aberastasuna dakar , baina ezaugarri propioak beste batzurenen kontra goraipatzen direnean, emaitza justu kontrakoa da. Gureak besteena ukatzeko balio badu pobretu egiten gara aberastu ordez, eta ez soilik hizkuntzen alorrean.

Ongi ulertu zuten hau 1968 an Arantzazun bildu ziren euskaltzainek. Urteurren hau igarota egin diezaiekegun omenaldirik onena horixe dugu. Hain zuzen ere, Euskarak behar duen bultzadan, hizkuntza bera, batasun elementu bezala erabiltzea. Dibertsitatea partikularismo banatzailea ez bihurtzea eta hizkuntza elementu banatzaile gisa ukatzea.

1968an Euskarak zuen erronka nagusienetako bat komunikabideetan, hezkuntza sisteman edota bizitza publikoan erabili ahal izateko behar zuen batasun linguistikoa egitea zen. Ez dugu ahaztu behar, era berean, urte hura izan zela Ikastolen mugimenduaren baitan hainbat eta hainbat zentruren fundazioa eman zen momentua.

Euskara mendeetan gune pribatuetako hizkuntza izan zen euskaldun askorentzat. Familian, herrian, intimitatean erabiltzekoa. Administrazioan, Unibertsitatean edo eskolan ez zen apenas erabiltzen. XXI mendean, historian inoiz ez bezala, espazio horietan euskara ia normaltasunez ezarri da. Ez ote da orain erronka justu kontrakoa? Hau da, garai batean ukatzen zitzaizkion espazio horiek berak ez daitezen bihurtu euskeraren erabilera gune nagusi? edota kasu batzuetan bakar?

Oñatiko lehen bilera hartatik ehun urte igaro diren honetan, egoera, 1918koarekin aldenduta, oso bestelakoa da. Orain, besteak beste, Unibertsitate publikoa dugu, eskola sistema garatu da, kultur gestioa gure eskutan dago eta euskarazko komunikabide publikoak ditugu.

Euskarak eta euskal kulturak azken ehun urteetan bere historia luzean inoiz ez bezalako egoera bizi dute. Dudarik ez dugu izan behar egindako bideak fruitu oso positiboak eman dituela. Konplazentzia usatu behar dugu hala ere. Etorkizunari begira hainbat gogoeta beharrezkoak dira: orduan sorturiko erakunde eta instituzioek, geroago etorri direnekin batera erronka teknologiko berriei, gizartearen pluraltasun eta beharrei nola aurre egin pentsatu behar dute. Halaber, manipulazio politikoarako tentazioei, lanen duplizitateei edota diru publikoek izan behar duten eraginkortasunari hoberen nola erantzun hausnartu behar dugu.