Txertoaren beldur
Bai horixe ·
Txertoa aukera bat da, baina hautatu dezakezuere kutsatua izateaNegu honen atariko goiz batean, Covid-aren kontrako neurri guztiak errespetatzen omen dituen lurralde honetako ile-apaindegi batean. Beraz, bezero gutxi, bakoitza musukoa soinean eta metakrilatozko pantailak bataren eta bestearen artean.
Nigandik lauzpabost metrotara, bezero baten inguruan bi langile, haietako bat bertako jabea. Ispiluak ez dit bezeroaren aurpegia ikusten uzten. Langile gaztea isilik, beste bien hitzak, lehorgailuak eta tarteko pantailek moteltzen dituzte. Ez dute gurutzegramak bereganatzen didan arreta hausten. Halako batean pandemia honen aurkako txertoaz ari direla jabetzen naizen arte.
Ile-apaindegiko jabea ari da hizketan. Berehala ulertzen dut berak ez duela gertu omen dugun txertoa jarri nahi. Esaten du ez dagoela nahiko frogatua, presa handiegiaz prestatu direla txerto guztiak, akuritzat erabili nahi gaituztela, badugula iraganean botika gaizto ugariren esperientzia. Ez dut txertoak kaltetutako belaunaldi batetako kide izan nahi, esan du. Ondoren aipatu ditu Talidomidak eragindako kalteak, gorputzeko deformazioak eta azkenik haur askoren hortzak belztu omen zituen antibiotikoa.
Berresten du ez duela zerrenda horretako belaunaldiek sufritutakoa sufritu nahi. Bezeroak galdetzen dio ea aurten gripearen txertoa jarri duen eta erantzuna baiezkoa da, adinaren arabera arrisku taldekoa ez bada ere. Bezeroak esaten du gripearen txertoa baimendu duten erakunde berak direla txerto berriak onartuko dituztenak, baina entzundakoak ez dio ile-apaintzaileari iri-tzia aldatu. Ezetz eta ezetz, ez berak ez bere etxekoak.
Ordurako ahaztu zait gurutzegrama. Irratian edo telebistan eztabaida bat entzuten dudan askotan gertatzen zaidan bezala, niri bururatutako esaldia entzun nahi dut beste norbaiten ahotan, hitzek beste aho horien eta nirearen arteko tartea gurutzatzeko gauza balira bezala. Badakit ni izango naizela ile-apaintzaileak artatuko duen hurrengo bezeroa, baina esan nahi niokeena botako banio, ez zegokidan elkarrizketa entzuten jardun dudala adieraziko nuke. Erabakitzen dut ez diodala ezer esango.
Zalantza horietan murgilduta harrapatzen nau bezeroaren azken esaldiak. Esaten dio txertoa aukera bat dela, ez dela derrigorrezkoa. Aukera dezakezu, gehitzen du nire aurreko bezeroak, kutsatzea eta erabaki horrekin sarraskirik handiena jasan duen belaunaldiko kide bihurtu, kanposantuan lasai asko. Txaloka hasteko gogoari eutsi behar izan nion.