Turistak tropelean

Gu kanpora goazenean bidaiariak gara, gurera datozenak, turistak

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Norbaiten zain nengoen Donostiako Bulebarrean, ordu-orduan ibiltzeak nahita ez aje hori duelako, itxarotea tokatzen zaizula. Nigandik hurbil hiru neska gazte, eskutan mapa bat zabaldua, eztabaida xamurrean. Handik ez, hemendik, ez beste aldetik. Frantsesez ari ziren eta harrigarria iruditu zitzaidan oraindik ere mapa erabiltzea, mugikorraren ordez.

Hurbildu nintzaien eta zeren bila ari ziren galdetu. Adierazi nien nondik joan behar zuten bilatzen zuten lekura eta hori argitu ondoren nesketako batek galdetu zidan zergatik genituen hirian gorroto turistak. Harritu ninduen gorroto hitzak eta segundo parea behar izan nuen zer erantzun erabakitzeko.

Galdetu nien non eta nola nabaritu zuten bertakoen gaitzespena eta Donostiako alde zaharra seinalatu zidaten. Nonbait, taberna batean zerbait hartzeko zain zeudela, emakume batek esan zien alde egin behar zutela handik eta hitzekin batera barratik baztertu omen zituen eta antzeko zerbait gertatu zitzaiela alde zaharreko bigarren taberna batean. Bietan emakumea omen zen hitz egin ziena.

Elkarrizketa bukatu zen eta oraindik nirekin gelditutako pertsona ez zen azaldu. Astia izan nuen ingurura begiratzeko, turista tropelak ikusteko. Seguruenik autobusean etorritako pertsona edadetuak, egun pasa etorritakoak, hirian diru gutxi utziko zutenak. Gutxi, baina zerbait. Gurasoak etorri zitzaizkidan gogora. Haientzat turistak etortzen zirenak ziren, beraiek ez baitzuten sekula turista izateko aukerarik izan.

Gu kanpora goazenean, Erromara nahiz Singapurrera, bidaiariak gara, gurera datozenak, berriz, turistak. Maria Cristina hotelera datozenak ere bidaiariak dira, ez dabiltzalako tropelean eta alde zaharreko tabernatan baino sarriago dabiltzalako izar asko duten jatetxeetan, hain zuzen bertako askorentzat eskuraezinak diren lekuetan.

Halako batean, adostutako ordua baino hamazazpi minutu geroago, azaldu zen espero nuen pertsona. Marmarrean heldu zitzaidan, berandu heldu izanaren erantzukizuna turista tropelei leporatuz. Tropelen kontra jardun zuen, beti taldean bidaiatu izan duen lagunak. Agian ez tropelean, baina ezta bakarka edo binaka ere.

Belaunaldi pare batean pasa gara turistak gurtzetik arbuiatzera. Dirudienez, batzuetan zakarki. Eta tropelak gutxituko balira, edo gu kanpora goazenean bertakoek ongietorriak ez garela adieraziko balute?