Tren eta autobusak
Bai horixe ·
Aberatsek ez dituzte pobreak ikusten, ezta pobreek aberatsak ereGarraio publikorik erabiltzen ez duenari, mundua zertan ari den aztertzerakoan ikuspuntu bat falta zaio. Duen jakinduria duela, dituen tresnak dituela, autobusetan edo trenetan ez dabilenarentzat paisaiak puntu itsu bat du, zulo bat. Hegazkinak ere garraio publiko dira, baina ez dute trenen edo autobusen bezero mota bera.
Nortzuk bidaiatzen dute garraio publikoetan?. Noski, ia era guztietako pertsonak, baina bereziki adinen muturrean daudenak, gazteak eta zaharrak. Gazteen artean ikasleak. Zaharren artean sekula gida baimenik izan ez dutenak edo gidatzeari beldurra hartu diotenak, bus edo trenean mantsoago baina lasaiago doazelako.
Iruditzen zait adinen mutur horietan ez dagoela desberdintasun handia gizon eta emakumeen artean. Tarteko adinetan, berriz, emakumeak gehiengo nabarmena dira. Aldirietako trenetan, adibidez, gazteak, zaharrak, emakumeak eta etorkinak dira nagusi, adin guztietako etorkinak. Gizon gazte sasoitsuak gutxiengo nabarmena dira.
Ez da inondik ere mundu osoa, baina bai munduaren zati esanguratsua. Eta garraio publikoetan, kale gorrian ez bezala, espazioaren itxiturak beste tenorea sortzen du bidaiariengan, inguruan burbuila bat balute bezala, babestuak baleude bezala. Arriskua ere suma daiteke hor, batez ere babesten zaituen itxitura horrek ihesa ere zailtzen duelako.
Trenak dira, bereziki, talde edo taldetxoak sortzeko aukera eskaintzen dutenak. Hor ikusten duzu ze lasaitasuna azaltzen duten gazteek, nola nabarmentzen diren eta nola loditzen den bakarka doazen emakumeen burbuila bakartzailea, zer nolako mesfidantza darien orduan emakume guztiei eta gizon zaharrei.
Gazteen zarata apaltzen denean entzungo dituzu aldamenean, parean edo atzean, telebistan sortuak diruditen elkarrizketak, agian zuretzat ezezaguna den mundutik etorriak, hortik kanpo eskura ez dituzun ahotsak. Hor egiaztatuko duzu zeure buruan dagoen Euskal Herriaren irudia ez datorrela bat errealitatearekin.
Munduaren zati batek ez du hori ikusten eta garraio publikoan mugitzen direnek ez dituzte garraiobide horiek erabiltzen ez dituztenak apenas ikusiko. Arrazoibide hori muturrera eramanda, aberatsek ez dituzte pobreak ikusten ezta pobreek aberatsak ere. Ezta klaseen arteko desberdintasunaren txikiaz harro gauden mundu bazter honetan.
Eta, halere, guztiok bizi gara planetan berean.