Traizioa

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Deigarria da banderak nazioaren batasunaren alde bakarrik astintzen ikustea, baina inoiz ez ustelkeriaren edo murrizketen kontra, irakasle edo sendagileen alde. Deigarria da, halaber, igande honetan Madrilen egin zen manifestazioak 1934an Primo de Riverak Espainiaren batasunaren alde antolatu zuen beste harekin duen antzekotasun susmagarria.

Alde horretatik, ez zaigu arrazoirik falta eskuin muturrarekin eta eskuinarekin oro har kezkatuta egoteko, bere nazionalismo amorratua Konstituzioaren pean mozorrotzen tematu arren. Beste zenbait hitz maitekorren artean, 'traizio gorena' hitzak ere atera dira buruzahagi gazte bezain anakroniko baten ahotik. Ez da bizkorregia izan behar hitz pozoitsu horien helburua zein den jakiteko: egia itxuraldatzea, fronteak gehiago tenkatzea, eta, nola ez, ustelkeria kasuen zalaparta itotzea (banderen laztan hordigarria lagun). Kanpotik begiratuta, irudi luke Sánchezek altxamendu militar baten bidez eskuratu duela agintea, zorigaiztoko bibotedun hark duela ia 83 urte egin zuen bezala. Bestela esanda, eskuin erradikalizatuak estatuari buruz duen ideiarekin bat ez datorrena matxino izatetik hurbil dago. Ezberdin pentsatzen dutenek, elkarrizketa sustatu nahi dutenek, lan zaila izango dute, bihotza izozterainokoa izan baitaiteke traidoreen zerrenda.

Orain gutxi Venezuelan gertatutakoa ikusita, ez litzateke harritzekoa datozen egunotan Casadok bere burua presidentetzat jotzea. Hainbestera ausartzen ez bada eta Sánchezek hauteskundeak luze gabe deitzen baditu (eta hala izango dela dirudi), zalantza kezkagarri bat dabilkit buruan: eskuin oilartu horrek onartuko al du hauteskundeen emaitza edo emaitza horietatik sortzen den gobernua bere gustukoa ez bada?

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos