Borrar

Takoi altuak soinean

Bai horixe ·

Borondatez janzten omen dituzte emakumeek ezinezko oinetakoak

Astelehena, 20 uztaila 2020, 07:27

Comenta

Irakurri dut itxialdiaren ondorioz, emakume batzuk takoi altuko zapatak erabiltzeari utzi diotela, kirol oinetakoen alde egin dutela, are soineko eta gonekin batera. Izan daiteke. Kirol oinetakoen gorakada nabarmena da aspalditik. Zahar (barkatu, adineko) asko ikusten dira kirol oinetakoak soinean eta ez bakarrik paseoan, hain zuzen, erosoak direlako, itxurari baino gehiago aisetasunari edo osasunari erreparatzen diotelako.

Takoi altuak, berriz, osasunari kalte egiteaz gain, ez dira erosoak, ezta parea mila eurotik gora ordainduta ere. Espainiako erregina, joan den astean, Covid-19aren eraginez hildakoei antolatutako omenaldian, gutxienez hamar zentimetrotako takoiak zeramazkien. Omenaldia, ordea, erregeren jauretxean ospatzen zen, bertako patioan, ez barruko aretoetan eta zorua ez omen da laua, kizkurra baizik, galtzadarriz osatua. Mendira edo lorategi batera oinetako desegokiak eramaten dituenaren antzera, erreginak ezin zuen ibilera dotorerik antzeztu, estropezuka hasteko zorian zegoen.

Kontatu digutenez, erregeak, emaztearen arazoaz jabetuta, besoa eskaini zion, makulu gisa erabil zezan eta horrela egin omen zituen erreginak bere kokalekurako metroak, erregearen besoari helduta, erortzeko edo orkatila okertzeko beldurrik gabe.

Leku batzuetan, ohiturek emakumeen aurpegia ezkutarazten dute, beste batzuetan ilea besterik ez. Leku batzuetan zangoak ezkutatu behar dira, onartzen dira eskote zabalak, baina zangoak arriskugarriak dira. Hemen, emakume batek dotoretasuna antzeztu nahi badu, takoi altuak jantzi behar ditu, edozein egoera eta tenorean. Borondatez janzten omen dituzte ezinezko oinetakoak eta horrela izango da.

Gero, etxerakoan, hor dituzte botikan edo supermerkatuan takoi altuen kaltea gutxitzeko ahalmena omen duten produktuak, okertutako hatzak zuzentzeko, baben mina baretzeko, kailuen oinazea arintzeko. Edo zuzenean oinak podologoaren esku jartzen dituzte, auto matxuratua mekanikoen eskutan uzten den bezalaxe.

Takoiak zaldi gainean ibiltzeko asmatu omen ziren hasiera batean, oinak ondo finkatzeko. Gero dotorezia seinale bilakatu ziren eta Frantziako errege izandako Louis XVIak soinean daramatza erretratu batzuetan. Bizkorregiak, ordea, gizonezkoak torturagailu horiek janzteko, botere gehiegi horren premia izateko.

Hemen eta orain takoiak emakumezkoentzat dira. Zenbat eta altuago, orduan edo dotoreago. Eta kaltegarriago, noski.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Takoi altuak soinean