SMARAGO

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Pasaiako bidegorritik Lezorantz noala, behin baino gehiagotan ikusi izan dut atentzioa eman didan ontzi bat, Smarago izenekoa. Lehen kolpean, idazle portugaldarrarekin gogoratu izan naiz, eta hain kutunak ditudan 'Ensayo sobre la ceguera' eta 'Todos los nombres'ekin. Egia esan, ontziak Portugalgo banderaren berde antzeko kolorea du. Izena ezpainetan eta gogoan itsatsita geratu zait. Fonetikoki, badu misterio ukitu bat. Mendebaldeko Sahararen ipar ekialdean badago, gainera, Smara izeneko hiri bat basamortuan, hiri santua gainera. Deigarria egin zait lotura, basamortuko hiria eta itsasoak zeharkatzen dituen ontzia: hondarra eta ura. Denbora luzez Tangerren bizi izan zen Paul Bowles idazlea ere obsesionatuta ibili zen hiri harekin. «Leku helezin batera egindako erromesaldi irreal-itxurakoa da Samara». Basamortua eta itsasoa baino leku helezinagorik...

Jakin-mina piztu zaidanez, izen horri buruzko informazioa bilatzeari lotu natzaio. Horrela jakin dut antzinako Grezian Smarago(s) espiritu txar baten izena zela, buztingileen labean sartzen zena edalontziak hondatzera. Bitxiki, Saramagok buztingileei buruzko nobela bat idatzi zuen, 'La caverna', Cipriano Algor izeneko buztingilea protagonistatzat duena. Ontziaren zenbait argazki ere topatu ditut interneten, eta, gaizki ulertu ez badut, holandarra omen da. Shanti Andia eta Joseph Conrad etorri zaizkit ondoren burura, literaturaren eta zinemaren bidez ezagutu dudan garai eta giro bat. Zerbaitegatik esaten da 'Moby Dick'en gogoeta eta ura lotuta daudela. Ez da harritzekoa.

Ontzia hurrena ikusten dudanean, urrutiko lurretara joan ahalko naiz hartan ontziratu gabe. Pessoak aspaldi esan zuen Ricardo Reisen ahotik: ipuin-kontaketan gabiltzan ipuinak gara.

Temas

Euskera