SATELITEAK

ARITZ GORROTXATEGIPLAZA DE GIPUZKOA

Joan den astean Iran eta Irun nahasteak ekar zitzakeen kalteez ohartarazi zigun Ander Izagirrek. Azken batean, satelite bidez eta urrutitik hiltzea ez da txantxetako kontua. Sławomir Mrożek idazleak badu horri buruzko ipuin eder bat, 'Hori ez da egiten' izenburukoa. Ipuina Polonian gertatzen da, Sobiet Batasunaren garaian. Biztanle batek egunkarian irakurri du guztien buruen gainetik sateliteak dabiltzala kosmosean hegan. Horren zehatzak dira, luze-zabalean metro erdi baino gehiago neurtzen duen Lurreko edozer gauza argazki bidez atera dezaketela. Biztanlea ez da kezkatzen hasieran; izan ere, bere aurpegia metro erdi baino txikiagoa da. Hala ere, puztu egin daiteke haginetako mina dela eta, edo norbaitek ukabilkada bat jo diolako. Eta, orduan, satelitearen argazkian aterako da.

Pixkana, sateliteak hobetzen joango dira, gero eta zehatzagoak izateraino. «Zer egingo dugu», dio biztanleak etsitzen hasita, «astean behin egin beharko dut bizarra. Bestela itsusi-itsusi aterako naiz argazkian». Handik gutxira, sateliteek den-dena atera dezakete, baita gauzarik txikienak ere. Biztanleak dirutza ikaragarria xahutuko du garbiketa produktuetan eta arropan.

Erretiroa hartzeko ordua heltzean, eskabidean bere argazki bat erantsi behar duela esaten diote. Biztanleak zera pentsatzen du: zergatik joan behar naiz argazkilari batengana dirutza gastatzera nire ehunka argazki badituzte? Eskabide bat aurkeztu arren, ez diote jaramonik egiten. Gauzak horrela, trenera igo, landa erdira joan, eta inor begira ez duela ziurtatu ostean, prakak jaitsi eta ipurdia zerurantz begira jartzen du. «Jakin dezatela, behintzat, zer pentsatzen dudan beraietaz».

Temas

Euskera