SASI-GARBITZEKOA

KARLOS LINAZASOROBAI HORIXE

Ssasi-garbitzen nau, begiak hausten dizkit, poesiaren edertasuna ozpintzen dit, nire harri angularra birrintzen dit, zeina ez baitzara zu. Zerbait esatera hurbilduko nintzaioke sasi-garbitzeko makina gobernatzen duen astazakilari: alde, ospa, utikan, hoa etorri haizen bide beretik. Baina genozidio bat litzateke. Eta nik ez dut genozidiorik nahi, bakea nahi dut nire alegriak kalak surfiniak mitxoletak arrosak indartsu haz daitezen eta bizi puska bat gehiago eman diezadaten, ezen ez hilezkortasuna. Gaur hobeki nago. Nire gizontasun dena dardara batean jartzen duen zarata domoniozkoarengatik ez balitz, esanen ahal nuke inoiz ez naizela hobekiago sentitu. Eta gezurra diot. Gezurra diot itsu-itsuan, ez dut neure burua ikusten gezurrik erran gabe. Ongi egotea ez da baten gauza, birena edo hirurena baizik. Halatsu ere poesiarekin edo kantu gregorianoarekin eta beste milaka kontuekin ere. Gauzok denak hala izanik ere, baratza ondo doa: zeru karraturaino tomateak, askotik esanda. Horzkada bat emanen nizuke aparatu endekasilaboan, maite, baina nire hortz-letaginak, ez daude jada parranda horietarako. Ken iezadazu zurrunba infernuzko hau, izan zaitez magnolio epel nire ezpainean, kilker donge edo dontsu, eta nik emanen dizut egunetik gelditzen denetik nire begi-ninietatik inoiz ikusi duzun argirik berdeena.

Temas

Euskera