Salbatzaileen zain

Bai horixe ·

Pentsarazi nahi digute alferrikakoak direla ahalegin guztiak

Askotan ahalegintzen gara ezkutuan dagoen zikinkeria garbitzen, zabor hori ezkutatzeko ahalmena izan duen boteretsuari aurka egiten. Azaleratu daitezela bide bazterretan lurperatutako gorpuak, jakin dezagula nork akabatu zituen, nor aberastu zen eraildakoei edo garaituei lapurtutakoarekin, nor ari den odolez zikindutako diruaz gozatzen, irribarrea ezpainetan.

Publicidad

Apaizek, fraide eta enparauek sexualki behartutako haur eta gaztetxoen oinazea haizeberritu dadila, jakin dezagun non ezkutatzen diren gaizkileak eta nork babesten dituen, bular joka errezatzen duen bitartean. Ezagutu dezagun zenbat ondasun lapurtu dituen elizak bazterretan, herritar gehienon kaltetan. Zenbat bedeinkazio eskaini zieten gaizkilerik gaiztoenei.

Nahiko genuke jakin nor den hainbeste tratu txarren erantzule, zenbat sufrikario ezkutatzen den leihoetako errezelen atzean, zenbat ubeldura mozorrotzen den makillajez, zenbat beldur eragiten duen sarrailan sartzen den hainbat giltzak, nola jartzen dituen dardarka etxe barruko emakume eta haurrak. Oinaze hori behingoz sendatu nahi genuke, gaizkileak kalean edo lanean zabaltzen duen irribarrea salatu nahi genuke.

Gustatuko litzaiguke jakitea ze zirrikitutatik egiten duen ihes diru publikoak, nola aurkitzen duen diru horrek hainbat sakelarako bidea, nola mozorrotzen den ustelkeria eta ez bakarrik erpinean daudenen onetan. Ulertu nahi genuke nola fabrikatzen den ustelkeria estaltzen duen isiltasuna, nola erosten den gaizkidetasuna, nola salerosten diren mesedeak.

Eta, halere, hori guztia eta beste hainbeste ezagututa ere, zikinkeria tonaka garbituta ere, ez geundeke libre, etengabe ari garelako ustelkeria fabrikatzen, mozorrotutakoa nahiz agerikoa, ur garbitan bizitzeko gai ez bagina bezala.

Publicidad

Kaltetuen etsipena da kaltegileen indarra. Pentsarazi nahi digute alferrikakoak direla ahalegin guztiak, tematzen garenean ere gure jarduna itsasoa titare batez hustu nahi zuen haurraren ametsa bezain alferrikakoa dela. Utzi bertan behera itxaropen oro, errepikatzen digute doinu eta erritmo desberdinetan. Kasurik hoberenean, esaten digute gelditzeko gure hartan, salbatzaile prestuek egingo dutela gure lana, haiek garbituko dutela zikinkeria guztia, baldin eta pauso sinple bat ematen badugu: lau urtetan behin haien izena daraman papertxoa hautestontzian sartu. Haien izena, ez besterena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad