Publikoa ala pribatua
BAI HORIXE ·
Zerbitzu publikoen kudeaketa pribatua dogma bilakatu zen alderdi politiko askorentzatDuela urte batzuk, oraintxe ez du axola zenbat, norbaitek asmatu zuen sektore publikoa, pisutsuegia zela, baldarregia, bertan lan egiten zuen jendeak ez zuela behar bezalako zerbitzua ematen, hobe zela orain arte sektore horrek betetzen zuen lana esku pribatuetan uztea. Dirua guztion zergetatik irtengo zen, beti bezala, baina zerbitzuaren kudeaketa pribatua onuragarriago izango zen guztiontzat.
Denbora gutxiren buruan, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatuaren alde egin zuen erakunde askok, mundu bazter honetan nahiz mundu zabalaren beste askotan. Ospitaleak, zaharrentzako egoitzak, autobideak, edozein zerbitzu hobetuko zen esku pribatuei esker, zehazkiago enpresa pribatuen kudeaketari esker. Orain ilunabarrero txalotzen ditugun funtzionarioak alferrak ziren, utzikeriara emanak, aprobetxategiak. Enpresa pribatuek kontratatutakoak, berriz, arduratsuagoak, eraginkorragoak. Konparatzerik ez.
Dogma bilakatu zen zerbitzu pribatuen kudeaketa pribatua alderdi politiko askorentzat, are gurean. Zerbitzuak emango zituzten langileen egoerak ez zuen axola edo, gehienez jota, gutxi axola zuen. Aurrerantzean, langile horien egoerak arazorik sortzen bazuen, erakundeak esango zuen arazoa langileen eta enpresen artekoa zela. Hor konpon, nahikoa lan badugu guk saltsa horretan sartu gabe.
Gobernatzen gaituzten erakundeek sekulako trebetasuna garatu dute horrelakoetan ezikusiarena egiteko. Hamaika aldiz manifestatu dira langileak zerbitzuaren arduradun den erakundearen egoitzaren aurrean, adierazi dute zer nolako lan baldintzak dituzten, salatu dute enpresa horien negozioa langileen lepotik sortzen dela, ematen den zerbitzuaren eskasiaren lepotik, zainduen kontura. Alferrik. Gure erakundeek ez dute dogma zalantzan jarri.
Horretan geunden koronabirusaren pandemia heldu zenean. Denbora gutxiren buruan, zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa horiek laguntza publikoa eskatu dute. Negozioa gurea da, baina duela gutxi arte hain deitoratua zen sektore publikoaren laguntza behar dugu.
Eta orain bai, ejertzitoa, ertzainak, osagileak, suhiltzaileak, garbitzaileak, denak langile publikoak, onartzen ditugu, merezi ditugu, zor zaizkigu. Zerbaitetan nabarmendu bada hori, ospitaletan eta bereziki zahar etxetan izan da. Negozioa gurea, hondamenaren konponketa, guztiona.
Bizi dugun egoera konpondu ondoren, berraztertuko ote dute dogma hori gure erakunde publikoek?