Presidente gai gay bat AEBn?

Presidente gai gay bat AEBn?
Iñigo Lamarca
IÑIGO LAMARCA

Ameriketako Estatu Batuetan hasi da datorren urteko azaroan ospatuko diren hauteskunde presidentzialetarako kanpaina. Alderdi Demokratan hogei bat kandidatu hasi dira elkarren arteko lehian. Sorpresa izan da Indiana estatuko herri txiki bateko alkatea den Pete Buttigieg lehenengo postuetan kokatu dela. Gaztea, Afganistaneko gerran soldadu izandakoa, komunikatzaile oso ona, kristau praktikantea...eta homosexuala (gay), bere maitatzeko joerari dagokionez. Argi dago dagoeneko Trump ez dela presidente izateko gai, baina onartu beharra dago abilezia baduela arazo askoren gainetik bere hautesleriaren apoioa mantentzeko. Ikusteko dago nola aterako den azkeneko larrialditik, Mueller fiskal bereziaren txostena ia osorik argitara eman den honetan, non demostratzen den Errusiak Trumpen hautaketaren alde jardun zuela eta presidente estatubatuarrak fiskal horren ikerketa oztopatzeko ahaleginak egin zituela. Nolanahi ere, nazioarte mailan apustu oso irmoak egin ditu bere nahia eta legea inposatzeko. Porrot nabarmenak izan ditu, Ipar Korearekin duen auzian, adibidez, edo Venezuelako gatazkan erabili duen estrategiarekin. Unilateralki jokatu ohi du, AEBk munduko superpotentzia bakarra bailiran, baina gaur egun multilateralismoaren garaia da, eta potentzia handiek derrigorrez hitz egin eta negoziatu behar dute beren artean.

Bere azken harropuzkeria Kubaren aurkako boikota gogortzea izan da, zigorrak eta mehatxuak han-hemenka zabalduz. Europar Batasunarekin egin du talka, zenbait enpresa europar inbertitzen ari baitira han. Federica Mogherini Europar Batzordearen kanpo harremanetarako komisarioak ohartarazi du ez dituela Trumpen zigor mehatxuak ametituko. Ja! Uste dut harrez gero Trumpek ez duela lo ondo egiten. EBren eragiteko ahalmena hutsaren hurrengoa da. Horrela nabarmendu da AEBk Iranenekin duten gatazkan. 2015ean Iran eta munduko sei potentzia ahaltsuenak hitzarmen bat izenpetu zuten herrialde pertsiarraren programa nuklearra mugatzeko. Obama zen AEBko presidentea eta EBk aktiboki esku hartu zuen negoziaketa hartan. Netanyahu Israeleko lehen ministro ultraeskuindarrak hitzarmen hura salatu egin zuen eta Trumpek, zeinak harekin aliantza oso estua egin baitu, hitzarmen horretatik erretiratzea erabaki zuen. Baina hori ez ezik, Iranen aurkako boikot zorrotza ezarri nahi izan du, eta harekin tratu komertzialak egiten dituen edonori zigorrak ezarriko dizkiola iragarri du.

Hori dela-eta, zenbait enpresak bertan behera utzi dituzte Iranen egin nahi zituzten inbertsioak eta tratuak. Europar Batzordea ez da gauza izan bere hitza, bere ohorea eta bere interesak defenditzeko. Men egin dio lotsagabeki Trumpen nahiari. Presidente estatubatuarraren azken erabakia teokrazia horren bizkarrezurra den Guardia Iraultzailea talde terroristatzat jotzea izan da. Eta horrekin zer? Ali Jamenei aiatola gorenaren ahalmena eta posizioa indartzea lortu du, erreformisten egoera ahulduz.

Israeleko presidente izateko berrautatua izan den Netanyahuren estrategia ari dira jarraitzen itsu-itsuan AEBk. Eta bide batez Saudi Arabiako Bin Salman diktadorearen interes geoestrategikoak asebetetzen dituzte, horrek ere etsaitzat baitauka Iran. Palestinarrak abandonatu egin dituzte herrialde arabiarrek, arrazoi desberdinengatik. Gaur egun, Ekialde Hurbileko politika Netanhayu-Trump-Salman triangelu diabolikoak markatzen du. Errusiak nahiko lan du Sirian bere interesak mantentzen, eta Al-Sisi Egiptoko diktadoreak bere agintea indartzea eta babesten dituen interesak zaintzea ditu helburu. Saudi Arabiak, Iranek bezala, giza eskubideak larriki urratzen ditu, baina hari inork ez dizkio kontuak eskatzen. Islamismo politiko estremista eta fanatikoa ari da diruz laguntzen eta hori munduan zehar zabaldu nahi du. Urteak daramatza eginahal horretan, Afganistanen talibanek gerra zibila irabazi zezaten eman zien laguntza erabakigarria lekuko. Indonesian ez du, alabaina, hori lortu. Populazio gehien duen estatu musulman inportante hartan hauteskundeak izan dira arestian. Joko Widodo («Jokowi») presidente moderatuak berrautaketa lortu du. Saudi Arabiaren interes ideologiko-estrategikoek galdu egin dute. Baina nolanahi ere, esan beharra dago Jokowik presidenteorde gisa Ma'ruf klerikoa zeramala.

Europan arraroa egiten bazaigu ere, azpimarratzekoa da herrialde musulmanetan klerikoek duten pisua eta eragina. Baina dena esatearren, gogora ekarri beharko genituzke Ipar Irlandako Ian Paisley artzain protestante eta unionisten liderra, edo Txipreko presidentea izan zen Makarios artzapezpikua. Iragan hurbileko istorioak badira ere, oso kontuan izan beharko genuke Polonian, Ukrainan edo Errusian Elizak (katolikoak edo ortodoxoak) pisu eta eragiteko ahalmen handia duela oraindik. Eta, halaber, Estatu Batuetan, Brasilen edo Guatemalan eliza ebanjeliko ultrakontserbadoreak izugarrizko ahalmena izaten ari direla, politikagintza baldintzatuz.