Pobre ezkutuak

Pobrezian bizi denak ez omen du hortik irteteko nahikoa ahalegin egin

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Esango banu haurtzaro osoan ezagutu nituen familia gehientsuenak pobreak zirela, ez nuke gezurrik esango. Eskolan, auzoan, dotrinan. Hori bai, gehitu beharko nuke orduan familia haiek, gureak barne, ez zutela beraien burua horrela deskribatzen, guztiok genituelako inguruan gu baino pobreago zirenak. Adibidez, gela bakar batean bizi ziren familia ugariak edo elizaren karitateari esker jaten zutenak. Eta eskaleak, noski, batez hori horiek.

Gaur harriduraz eta zirrara gaiztoz aipatzen du hainbatek badirela gure artean lana izan arren pobrezian bizi diren familiak, gertakizun berria balitz bezala, egoera kontraesankorra balitz bezala. Ez da, ordea, garai hauen asmakizuna, betidanik datorren zorigaiztoa baizik. Lana izan eta, ahalegindu arren, pobreziatik ezin aldendu.

Hori dio joan den astean plazaratutako azterketa batek. Lurralde aberats honetan bertan ehuneko hamarrera heltzen direla lana izan arren, sarritan lan bat baino gehiago izanda ere, justu-justu bizi direnak, erakundeen laguntzak jasotzen dituztenak barne. Geure burua normaltzat dugunon gainerakoongandik hurbil eta urruti era berean, mundu guztiek dituztelako barruan mundu txiki ezkutuak.

Azterketaren arabera, multzo horretan etorkin asko sartzen da, guraso bakarreko familiak, gazteak eta zaharrak. Ez dira goseak hilko, gizarteak baduelako elikadura esparru horretaraino eramateko modua. Are gehiago, zenbat eta beherago gizartearen mailan, orduan eta loditasun gehiago haur eta helduentzat.

Etorkinen kasuan, kanpotik etorritako batek bertan jaiotakoak baino bost aldiz aukera gehiago ditu pobrezian erori eta bertan mantentzeko. Eta azken datu honek ez du etorkinak diru publikoarekin gozo bizi direla dioen gezur zabaldua ezabatzeko ahalmenik, sarritan gezurra egia baino sinesgarriagoa delako, batez ere norbaitek esaten badizu bere inguruko batek ezagutzen duela diru publikoa alferrik galtzen duen norbait.

Gezur horrekin batera badago indar handiko beste gezur bat, alegia, pobrezian bizi denak ez duela hortik irteteko nahiko ahalegin egin, maila handi batean pobrearen errua dela pobrezia. Horrek guztiak esplikatzen du pobrearen lotsa, min egiten dion egoera salatu beharrean bizi duen egoera gaiztoa ezkutatzeko joera.

Gainera, gizarteak ere horrela nahi ditu pobreak, ezkutatuak, gainerakoon begi bistatik kanpo.