Pandemiaren beste kaltea
BAI HORIXE ·
Esan zidan agintariek ere jakin bazekitela gezurretan ari zirelaEdonork bezala, asteotan irakurri eta entzun ditut era guztietako bitxikeriak pandemiari sorrerari eta garapenari buruz. Azken boladan lehian dabiltza teoriarik bitxienak, nork zentzugabekeria handiagoa bota, nork aurreko aldrebeskeria gainditu. Barregura ere eragiten zidan hainbatek.
Horrelako zerbait aurrez aurre eta bitartekorik gabe heldu zitzaidan arte. Ustekabean hasi zitzaidan eta poliki-poliki egin zuen gora. Hasieran kontatu zidan muxukoak alferrikakoak direla, ez dutela ezer konpontzen, ez bada hainbat saltzaileren kontu-korrontea. Frantziatik etorri berria zela eta han ez zela nahitaezkoa maskara egoera eta leku guztietan.
Zetorrena susmatu gabe esan nion han ere gero eta egoera gehiagotan ari zela derrigorrezko bihurtzen, adibidez, lantokietan. Muxukoa aurpegian zuela erantzun zidan, hori bai, eskuz egindako maskara loredun deigarria soinean. Esan zidan zerotik hamarrera maila asko daudela eta berak gorroto dituela kalean poliziarena egiten duten ez-poliziak, frankismoaren ondorio nazkagarria dela jokaera hori, norbanakoaren askatasuna errespetatzen ez duena.
Entzundakoari erantzun gabe esan nion nik hasieratik erabaki nuela agintarien arauak beteko nituela eta horretan jarraitzen nuela, helduko zela, ekaitzaren ondoren, gobernatzen gaituztenen jarduera aztertzeko garaia, pentsatu nahi nuela nik baino informazio iturri hobeak izango dituztela.
Ahotsaren indarra gehituz esan zidan gezur batean menpe bizi garela, agintariek badakitela gezurretan ari direla eta ez zuela ulertzen nola pertsona ikasi batek ez zuen gezurrarena antzematen, kalean poliziarena egiten dutenak bezalaxe, agintariak askatasunaren beldur direla, menpekoak nahi gaituztela, ez herritar kritikoak, horregatik murrizten zutela norbanakoaren askatasuna.
Ordurako banekien beranduegi zela ihes egiteko, isilik egonda ere luzaro iraungo zuela hitz jarioak. Esan zuen gerra egiteko modu berria zela pandemiarena, gehiegizko biztanleria murrizteko sortua, lehenik zaharrak ezabatu nahi zituztela eta gero etorkinak. Botikagintzara jo zuen ondoren eta handik Bill Gates eta enparauetara.
Zorabiatzeko zorian nengoela elkartu zitzaigun hizketan ari zenaren ikasle baten ama, eskolako berrasierari buruz galdezka. Sarean beste arrain bat sartu zitzaiola baliatuz egin nuen alde, gainean erori zitzaidan zaborra nola birziklatu ezin asmaturik. Pandemiak eragindako beste kalte bat