Markos goierritarrari esker, poliki ospatu ditut aurtengo Andremariak, aurkikuntza polit bat berrituz. Markosi zer etorriko gogora eta 'otxi', mutikotan normal-normal erabiltzen zuen hitza. Aspaldi ez omen du aditu –Goierritik urrun samar bizi da– eta galdera bururatu: zer ote da 'otxi' hori. Eta ez duela etsiko argitu arte. Eta ea aterako ote dizkiodan hitz horren aztarrenak.

Publicidad

Bat-batean saiatu nintzen erantzuten. Ezaguna dudala 'otxi' –Goierrin ikasia–, gure 'tori' hitzak duen esanahi berekoa... Baina berak ere bazekiela hori, eta gehixeago jakin nahi zuela.

Ondorengo egunetan saiatu nintzen 'otxi' eta 'tori' hitzen arteko lotura gehiago atzematen. Agian, hitz beraren aldaerak izango direla; antza ere badutela eta. Azkenean, 'Orotariko euskal hiztegia' kontsultatzera jo nuen. Nonbait aurkitzekotan, obra erraldoi horretan aurkituko nituen 'otxi' zorionekoaren sustraiak. Sartu nintzen interneten, zabaldu nuen Euskaltzaindiaren webgunea eta...

Orotarikoan, 'otxi' horren bila hasita, zer aterako eta 'otxin': diru zaharra, zortzi erreal balio zuena. Ez zegoen gaizki. Lotura polita –politegia ere bai– ikus daiteke 'otxi' eta 'otxin' horien artean. Ez ninduen asetzen, ordea. Bila jarraitu beharra zegoen. Baina non, Orotarikoaren zer sarreratan?

Egia esan, ez dakit nola. Baina gutxien uste nuenean aurkitu nuen bila nenbilena: 'eutsi' sarreran. Ezkutu samarrean, baina hortxe dago. 'Eutsi' aditzaren agintera-forma omen da 'otxi'. Normalean, 'eutsi' erabili ohi da aginteran ere, baina horren aldaeretako bat zenbait lekutan; besteak beste, 'otxi'. Eureka, Markos!

Altxor paregabea da 'Orotariko euskal hiztegia', hainbat aurkikuntzaren gordailu. Lan miresgarria hasi zuen Koldo Mitxelenak eta bikain eusten diote ondorengoek.

Eta, aurkikuntza batek beste bat dakarrenez, zer topatuko sarrera berean eta Jose Migel Barandiaranek Goierrin jasotako esaldi polita: «Andre Marie, otson ortz zârra t'ekatzan berrie». Gure ama zenari ikasitakoa ekarri zidan gogora. Zazpi urterekin erori zitzaidan lehenengo hortza. Sukaldean nintzen. Ekonomikako sutara botatzeko esan zidan amak, hitz hauek esanez suari: «Torizu zaharra eta ekatzu berria».

Publicidad

Urrutira garamatzate bi esaldiek. Esaldi bera dira, aldaera polit horiek dituztela: batean Andre Maria, bestean sua; batean hika, bestean zuka. Zaharberritzea da ospatzea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad