OPORRETAN NORAIÑO?

NIKOLAS ZENDOIA

Noraiño joango ote da jendea Gabonak aurreko abenduko zubia deitzen diogun opor-egun auetan? Oso ondo egingo dute. Orrek esan nai du jendeak lana egin duela. Eta lana egiten duenak eskubidea du oporrak gozatzeko onelako zubi luze bat datorrenean.

Bestetik, Nikolas deunaren egun onek abiatzen du opor-zubi luzexka au. Aste osoa ere askok artuko dute.

Nere tokaiori 'deuna' deitu diot. 'San' esate ori, izan ere, ia aspergarri egiten ari zaigula irudi-tzen zait. Gizarteak jai egiteko, derrigor 'san' deitu bear al zaio egunari? Aita Joxe, aita Bitoriano, aita Praixku, aita Pello, ama Karmelita, ama Maria, ama Teresa eta orrela.

Edota erri bakoitzean on asko egin duten gizon eta emakumeen izenak ere egin daitezke ospetsu. Baiña auek nere baitako kontuak dira. Eta, tokaio, ez adi aserretu; iregatik benetan esan diat eta!

Baiña, beste aldera begiratuta, ara kontu berdintsua. Egutegiak, urte guztiko egunetan, santu edo santaren izena dakarrenez, lanera ere santu-santa izenetan goaz. Beraz, isildu nadin eta kito.

Ezin asiko gera egutegia aunditzen, gizartean izenak ugaritu dirala eta. Izen berriekin osatu leike, bai, egutegi bat. Baiña ori bai: lana eta oporrak ugaritu daitezela, biak ditugu bearrezkoak.

Zerbitzuaren nekea eta atsedenaren ilusioa. Badakigu, abuztuko oporraldia amaituta, zein burumakur itzultzen geran lantokira, sosak xaututa, alperkerian oituta eta abar. Baiña ori guztia aste bateko kontua izaten da. Bereala artu oi da eguneroko martxa. Eta begira: oartzerako, amazazpi egun barru, Gabonak. Jornal bikoitza gaiñean dala eta, gaiñera, abenduko zubia ospatzera. Zer ilusio!

Eta ez ori bakarrik. Loteriako txartelen bat edo bi ere artu bearko dira, badaezpada. Umeak ere jarri dira, dagoeneko, Gabonetako oporralditxoari begira. Ea zenbat ume ari diran Bizar Zuriri eta Olentzerori kartak idazten. Eta Erregeei ere zerbait eskatu bearko zaie, ba.

Saltokietako leioak ere opariz ondo ornituak daudenez, badakite, bai, begia zeri bota gure ume koskorrek. Animo, umeak ere!

Noraiño joan naiz neu ere? Ilusioak eraginda urrengo urteraiño pasa naiz.

Onezkero, jendea egazkiña artuta badijoa joan bear duten lekura.

Txanponak gustoko kapritxoetan xautu bear omen dira. Eguneroko bearrei erantzun eta sobratzen bada beintzat.

Baiña kontuak ondo aterata joango ziñaten, noski. Izugarrizko ugoldeak bait dabiltza leku askotan. Edo izan dira. Tristea izango litzateke emen aurten egin digun San Martiñen udaraxka luzetik joan eta orrelako ekaitzaldiren batekin topo egitea. Esaten dan bezela: Jainkoak aparta.

Egazkiña aipatu det leentxeago. Orain jendeak bidaiatzeko txartelak aurrez artuak izaten ditu. Etxetik, gaiñera, ordenagaillu bidez. Baiña ori ere ez da ba naikoa, jaun-andreok. Aireportuetako langilleek zenbat aldiz arazotxoak jartzen dizkigute beren eskariak egiteko aitzakian, orain esaten dan 'greba' dutela eta. Zer egingo dute, ba! Aien gantxoa uraxe bada, berari tira bear. Eman lezakeen doneari erregutu bear, alegia.

Azken urte auetan, beste traste bat ere ari da ugaltzen oporretara joateko: 'auto karabana' deitzen zaion ori. Kapritxo aundi samarra izango da, baiña or dijoaz familia, amona, umeak, txakurra eta txirrinduak artuta.

Aitonak ez dakit joan nai izaten duen. Zalantzak ditut. Nioena: asko ari dira ugaltzen. Ez dakidana da urtean zear beste zenbait lanetarako erabiltzen ote duten edo balio ote dioten. Bere abantaillak izango ditu: nai dan lekuan geratu, eguna pasa eta abar.

Baiña ni autobusaren aldekoa naiz. Bota maleta beeko txokora eta segi iok eure bidean. Jarri erdi lotan edo bazterrak ikusiaz, eta bere geltokietan jeitsi, ankak luzatu pixka bat, mokadutxoa, tragoa eta berriro gora. Umore berrituta jendea, iepa!

Gaiñera, oraingo zubi ontan, ezta burutik pasa ere iñora joatea. Zenbat eta adiñez gorago, alperxeago ere bagera.

Orain, naiko modan jartzen ari omen da aitona-amonak Gabonetan familia laga eta amabost bat egunerako Benidormera edo norabait joatea. Bestela, egundoko lan pillak tokatzen zaizkiola amonari eta.

Gure etxean esan besterik ez dago ori, amona txinparta dariola jartzeko. Jainko potoloa! Egia da, bai. Zenbat lan artzen duten gure etxeetako amonek Gabon jaietan, Gabon-Eguberriak, Urtezaar, Urteberri eta Errege Magoak dirala. Billobentzako magoa amona baita, izan ere.

Aitonok ere egiten degu, bai, zerbait. Ardo botilla obexeagoak ekarri eta orrelakoak.

Onela gabiltzan arte ondo gaude eta jarrai dezagun familiakoak gonbidatzen urte askoan. Baiña gure etxera ere iritsiko balitz Gabon-jaietan norabait joan eta amabost bat egun pasatzeko moda ori, aitonak ez luke ezetzik esango. Gutxienez, eguzkiak epeltzen duen lekura joateko.

Onelaxe ba kontuak. Bukatzeko, berriz, tokaio deuna agurtu bearko det.

Eduki bear ukek

santuen gradurik,

baldin baago beintzat

zeruan sarturik.

Jaungoiko zaarrarekin

bai al dek traturik?

Esaiok neretzako

baduen lekurik.

Orio erriari

erruki badiok,

jendeari parrandan

lagundu akiok.

Bisigua erretzen

zetik Xixariok.

Joatekotan gaituk

amona ta biok.

Ez dituk aberatsak

gure akzioak,

baiña izenez beintzat

gaituk sozioak.

Lastur ta oriotarrei

zer ilusioak!

Ez gaitxik borratuko

Konstituzioak.

 

Fotos

Vídeos