Hil ondoren

Non zeuden hauek behar genituenean», esan zidan alargunak hileta bukatu zenean

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Lastima norbait hiltzen denean ez duela ingurukoek, adiskideek, are arerioek eskaintzen dizkioten laudorioak entzuteko aukera. Askotan, une horietan esaten denaren laurdenaren laurdena aski litzateke, zendu aurretik, edonoren bizitza gozotzeko.

Bueno, agian zerutan sinesten dutenek badute hil ondoren ere esaten dena entzuteko ahalmena, agian antena berezi batek lotzen ditu lurrera edo aingeru batek xuxurlatzen die lurrean esaten dena. Gauza arraroagoak, harrigarriagoak sinesten dituzte erlijio batzuetako fededunek.

«Hainbeste lagun eta hain laguntza gutxi larrialdian», esan zidan alargunak senarraren hiletetan. Bazter batean zegoen, bizitza osoan egin zuen bezalaxe. Inguruan, edonork ezagutzen dituen pertsonek aipatzen zuten zeinen galera handia sufritu zuten, ze hurbil egon ziren hildakoarengandik hainbeste urtetan.

Alarguna, ordea, bakarrik zegoen, beltzez jantzia, malkoek betiko txikitasuna uzkurtu balute bezala. Ez nuen berarekin tratu handirik, baina noraezean iruditu zitzaidan eta hurbildu nintzaion, pentsatuz norbaitek une hartan konpainia behar bazuen bera izango zela.

Irribarre triste bat eskaini nion, zer esan pentsatzen nuen bitartean eta emakumeak, ingurua seinalatuz, «hainbeste lagun handi eta hain laguntza gutxi larrialdian» esan zidan besotik heltzen ninduen bitartean. Alde egiteko keinua egin zuen ondoren eta ez nintzen ausartu esatera hobe zuela bertan gelditu.

Ez zen urrutira joan. Pauso gutxi batzuk eman ondoren itzuli zuen burua elizaren atarira eta «non zeuden hauek behar genituenean», esan zuen amorraziorik gabeko doinuaz, betidanik jakin izan duen zerbait aipatzen duenaren moduan. Ez nuen ezer erantzun, zer esan bururatu ez zitzaidalako baina berehala ulertu nuen ez zuela entzuteko beharrik, hitz egitekoa baizik.

Isilik gelditu ginen biok, jendeari begira. Pixkana, elizaren ataria husten ari zen eta ez zen inor alargunarengana hurbiltzen. Azkenean, bizpahiru emakume hurbildu zitzaizkion, doluminak adieraztera. Eskerrak ematen zizkien hitz gutxitan eta berehala bakarrik gelditzen ginen berriz ere.

Galdetu nion etxeraino laguntzea nahi ote zuen eta orduan bota zituen nik ikusi nizkion lehen malkoak. Baietz esan zidan segidan eta kontatu zidan ez zuela sekula autoa gidatzen ikasi. «Eskerrik asko, gazte», esan zuen besoa askatu gabe.