Borrar

Oilasko errea zine aretoan

Bai horixe ·

Ez omen gara film bat ikusteko gauza, bitartean jan edo edan gabe

Astelehena, 21 urria 2019, 07:35

Comenta

Egunotan berretsi dute epaileek kanpotik jaki edo edariak zinema aretora eramateko debekua gehiegizkoa dela, zabaldua badago ere. Hainbat aretotan zilegi da janari edo edariak sartzea, baina bertan erositakoak badira. Epaileek hiru mila eurotako isuna jarri diote erabaki hori baliatu duen Extremadurako areto bati.

Dirudienez, bertan erositakoak kanpotik ekarritakoak baina garestiagoak dira. Era berean, zinema areto batek filmak ikusteko ordaintzen dugunaren adina eskuratzen du bertan erositako jaki eta edariekin. Horra arazoaren mamia, zinema aretoek saltzen dutena filmak dira, baina horrekin batera bertan gauden bitartean jaten edo edaten duguna.

Jatetxeek jakiak saltzen dituzte eta edonork uler dezake batek ezin duela jatetxe batean kanpotik ekarritako jakirik sartu. Jatetxe honetan sartzen naiz, baina etxetik edo aldameneko superretik ekarritakoa jango dut. Ezin. Edari kontutan, berriz, malguagoa da araua. Hainbat herritan jatetxe batek ezin du alkohola saldu, baina onartzen dute bezeroak etxetik edo dendatik ekarritako edaria.

Zinema aretoek, ordea, filmak saltzen dituzte, ez jakiak. Baina, dirudienez, areto batean film bat ikustera doanak bitartean zerbait jateko edo edateko ohitura du. Noiztik? Duela gutxitik. Nik gaztetan gogoratzen ditudan aretoetan jendeak zigarro bat erre zezakeen, baina ez zuen inork jaten ez edaten.

Gaur egun areto askok gailu bat jarri du beso-euskarrietan, bertan edariak jar ditzagun, zerbait edan gabe filma ikusteko gauza ez bagina bezala. Nola demontre gertatu da aldaketa hori? Etxeko ohituretatik sortu da seguruenik, sofan etzanda edo besaulkian jarrita film bat ikusten ari garenean afaldu edo garagardo bat edaten dugulako, etxean ikusten ari garena komentatzeko ohitura dugulako, pantailak erakusten digunarekiko aspaldiko isiltasuna ahaztu zaigulako.

Pantailatik datorren soinua ez da, aspalditik, aretoetan entzuten den bakarra., horri zerbait jaten edo edaten ari direnen soinua gehitzen baitzaio. Horretara ohitu behar izan dugu. Enpresaburuek kontatu dutenez, aretoetara kanpotik edozer sartzeko aukera ematen bazaigu, bezerook beste muturrera joaten gara. Gertatu omen da, behin baino gehiagotan, kanpotik oilasko errea ekartzen duela ikusle batek. Oilasko errea.

Eta esango digute gero eta jende gutxiago doala zine aretoetara.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Oilasko errea zine aretoan