Borrar

Ni ez naiz arrazista

BAI HORIXE ·

Asko dira azal kolorearen arabera arraza desberdinak bereizten dituztenak

Astelehena, 8 ekaina 2020, 07:32

Comenta

Tradizioan errotu den hainbat jokaera eta ohituren kontra, modu ezagueradun eta etengabean borrokatzen ez bazara, korronte nagusiak eramango zaitu, mendetan egiatzat jo den gezurrak kutsatuko zaitu eta berehala zure burmuineko tolesdura guztiak zikinduko ditu.

Horrela gertatzen da matxismoarekin. «Ni ez naiz matxista» esatea ez da nahiko sendagai kutsadura hori desagerrarazteko. Norberak egindako adierazpenei kasu egiten badiegu, ez dago matxistarik ez matxismorik gure artean. Baina guztiok dakigu egon badagoela, ugari gainera eta batzuetan modu garbian adierazten dela, bestetan zeharka edo tantaka. Azken kasu honetan mikromatxismo esaten zaio.

Gertatzen da gizon gehienek izozmendiaren muturra ikusten dutela, ez ur azalaren azpian dagoen masa erraldoia, ia itsas hondoraino heltzen den hori emakumeok ikusten dugu eta ez guztiok. Eta hori feministon matraka dela pentsa dezakeen irakurleak, jakin beza itxialdian laguntza eskatu duten emakumeen kopurua ehuneko berrogei igo dela.

Antzeko zerbait gertatzen da arrazakeriarekin. Aspaldi frogatu zuen zientziak arraza bakarra dagoela gizadian eta homo sapiens esaten zaiola. Baina, halere, asko eta asko dira azal kolorearen arabera arraza desberdinak bereizten dituztenak, lurra laua dela baieztatzen dutenak baino ugariago. Halakoek uste dute zuriok besteen gainetik gaudela, berez, besteak baino hobeak garela, halabeharrez.

Galdetuko bagenio Estatu Batuetako Minesotan belauna gizon beltz baten lepoan jarri zuen poliziari zergatik egon zen postura horretan zortzi minutuz, azpian zuen gizona akabatu arte eta polizia horrek esango luke «ni ez naiz arrazista», esango luke belaunaren azpian zuena gaizkile bat zela, ez gizon beltza, erreparatu ere ez ziola egin akabatu zuen pertsonaren larruazalaren koloreari. Hildakoa beltza zen eta hiltzailea zuria, kasualitatez, hori bai.

Norbaitek pentsa zezakeen, neronek, urrutirago jo gabe, presidente beltz batek edo presidente emakume batek gauzak errotik aldatuko zituela, arrakala izugarria sortuko zutela orainaren eta geroaren artean. Arrazakeriaren edo matxismoaren kontrako txertorik ez dugu, ordea, eta ez dugu aurrerantzean izango.

Moztu dezakegu landarea justu lurraren hasieratik, baina sustraiak hor daude eta landareak aurrera egingo du. Sustraietara jo behar da eta hori, ai ene, gutako bakoitzaren lana eskatzen du, lan etengabea, eguneroko jarduna. Ezin dugu mirarik espero.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ni ez naiz arrazista