Musukoa, maskara
BAI HORIXE ·
Soinean daramazun gainerakoa bezain adierazgarriak diraBeharrezkoak zirela, ezinbestekoak, ezer gutxi gehitzen ziotela gainerakoari, ekialdeko herrietattik ikasi behar genuela, segurtasun faltsu bat sortzen zutela. «Ez nuen uste iritsitzerik honetara azkenean», Pedro Mari Otañok kantatu bezala, baina iritsi ginen.Azkenean derrigorrezko bilakatu zituztenean jantzi nuen lehen maskara. Ordurako ikasi nuen horrela esan behar zitzaiola, maskara, txikigarririk gabe, edo musukoa hitz jatorragoa zela.
Jarraitu nuen, pandemia gureganatu zenetik bezalaxe, agindu ofizialak betetzen, ez-ofizialei jaramonik egin gabe, bidezidorrik hartu gabe, lortu dudan adinak horretarako aukera ematen zidanean ere. Eskatuko nizkien dagozkien erantzukizunak agintariei pandemia bukatutakoan, baina, bitartean esaneko herritarrarena egingo dut.
Ordurako bukatu zen gurean maskaren eskasia, salgai zeuden nonahi eta txinoetan hasiak ziren ehunezkoak saltzen, kolore askotakoak, bakeroak, parpailadunak. Ikusiak nituen sarean musukoak egiteko aholkuak, nire jostun gaitasunerako aproposak eta inguruan ere ezagutzen nituen eskuz egin eta oparitzen zituztenak. Ezagutzen nuen maskarak 3D inprimagailu batez egiten zituen norbait. Beraz, banuen non aukeratu. Balio dute? Oraingoz dakiguna da hobe dela etxean egindako maskara horietako bat, musu biluzia baino.
Arruntena jantzi nuen, euro eskas balio duten kirurgiko horietako bat eta berehala ohitu nintzen, gaitasun edo ezintasun hori dudalako, egokitzearena. Etxetik ateratzen naizenetan nahiz hedabideetan, ikusi dut musukoen garapena. Maskara soinean daramazun gainerakoa bezain adierazgarri da, oinetakoak edo prakak bezain adierazgarri eta horrek ondorio ugari sortzen du. Eta hori moda kanonikoak ez duela oraindik ezer agindu.
Bost minututan industria oso bat sortu da musukoen inguruan, dirudienez luzaroan iraungo duena. Kirurgikoa erabiltzea ezer ez erabiltzea bezala da, estiloari uko egiten dion estiloa. Hortik aurrera sortzen dira boladak eta aukerak. Gizonezkoek, gehienbat, beltzak dituzte gustuko eta gutxi ausartzen dira haratago, agian ikur txiki bat gehitzen diote beltzari, espainola, ikurrina edo senyera.
Emakumezkook, berriz, horretan ere anitzagoak gara eta gehienetan soinean daramagun arroparekin ezkontzen dugu musukoa, nork bere moduan. Gogoan dut, oraindik, betaurreko pare bakarra genuen garaia edo ordulari bakarra. Abiatu gara estiloaren esparru berrian, musukoarenean.