Mozorrorik gabe

 Alderdi politikoek tratu bila dabiltzanean kentzen dute mozorroa

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Ez dakit zenbaten gustukoa den era guztietako erakundetan alderdi politikoen artean gertatzen diren tira-biren ikuskizuna. Hori ere izango da agian demokrazia, urrutiko herrietan sortutako serieek errealitatearen izpi bat islatzen badute behintzat. Ritoak daude, ohiturak, tradizioak, ateraldiak, antzezpenak, protagonistak, antagonistak, edozein gidoilari asetzeko gai.

Gainera, mugimendu horiek aztertzen jarduteko ez dizu inork unibertsitatearen titulurik eskatzen. Jartzen zara begira eta edonondik helduko zaizkizu irudiak. Hori bai, zaletasun pitin bat behar duzu, pazientzia adina, gutxienez.

Epe hau, hauteskundeak bukatu eta gobernuak hasi bitarteko zati hori laburra da ia beti, baina esanguratsua. Luzatzen bada, astetik hilabetetara pasatzen bagara, ikuskizunak intentsitatea galtzen du, minutuak sobran dituen filmaren antzera.

Politikarientzat ordea jokoan dagoena asko da, bizibidea ere bai, baina askoz gehiago ere bai. Pertsona arruntontzat inauteriak direna dira aste hauek politikaren munduan dabiltzanentzat. Ñabardura batekin: normalean inauteritan mozorro bat janzten dugu eta alderdiak tratu bila dabiltzanean kendu egiten dute urtean zehar daramaten mozorroa.

Urtean zehar esango dizute hitz arrunt nahiz jantziz, herriak, aberriak, munduak kentzen dietela loa, ez lanpostuaren korapiloak. Hori besteek egiten dute, besteek bai, horiek besaulki bila dabiltza, ez guztien ongiaren atzetik. Guk beste norbaiti alkatetza kentzen diogunean herriaren onerako da. Guri kentzen digutenean, zerrikeria.

Gauza da labainkadaka ikusten dituzula edo mutur joka disimulurik gabe, nor gailenduko den erabaki arte. Dozenaka, zientoka oilategitan, ikusleok begira gaudela ez balekite bezala, munduan besterik ez balego bezala.

Epe honek, ordea, bukaera jakina zuen aspalditik. Hartu dira erabakiak, gorde dira armak hurrengo baterako. Kontatzen dute hainbatentzat inauteriko gau bat aski dela barruan zerbait aldatu zaiola nabaritzeko, bizitzak badituela horrelako bihurguneak, salbuespen egoeratan txinpartak sor daitezkeela. Agian kanpotik hain itsusi dirudien borroka labur horretan zerbait ikasi dute eta ohiko mozorrora itzulitakoan barruan zerbait bigundu zaie ala gogortu, ez dago jakiterik. Honezkero lanera itzuli dira, hainbeste nekez lortutako besaulkitan daude. Heldu dira.