Mitoak

Pello Esnal
PELLO ESNAL

Eta, hauteskundeak joan da ere, kartel batzuek zintzilik segitu dute herrian, han eta hemen. 'Sueños' zioten gehienek. 'Ametsak', beste batzuek.

Baina ez. Ez ziren hauteskundeetako kartelak. Ezberdinak ziren estiloz ere. Batzuetan, pailazoak ageri ziren. Beste batzuetan, gizon bat ikusten zen airean; 'hombre bala' zioen kartelak.

Egia esan, kasu handirik ez genien egiten, baina hor segitzen zuten zintzilik, eguna joan eta eguna etorri. Konturatu, konturatu ginen zirku italiano baten iragarpenak zirela. Baina besterik ez. Harik eta…

Harik eta, lehengo batean, Oihanek begiak zabaldu dizkigun arte. «Hara!, hara!» esan zigun, behatzaz 'hombre bala' delakoa erakutsiz. Eta hor aipatu dizkigu, bata bestearen atzetik, Batman, Spiderman, Hulk, Capitán América… Halako batean bukatu zitzaion zerrenda.

Oihanek bete berriak ditu hiru urte, eta ezagunak ditu pertsonaia horiek guztiak eta gainerakoak. Eta ezaguna egin zaio 'hombre bala' bera ere.

Eta berak egindako zirrimarrez betea ekarri digu orri bat eskolatik. Zirrimarra berdeak daude erdi-erdian, ia orri osoa hartuz; «hau Hulk da!» esan digu. Behean, zirrimarra txikiagoak, urdin ilun eta gorriak; «hau Spiderman da!». Goialdean, ia ertzean, zirrimarra beltzak; «hau Batman da!».

Horrela ari gara konturatzen zein mundu mitikotan bizi den Oihan; eta, Oihan bezala, gainerako mutikoak. (Neskak, ez; badirudi bestelako mundu batean bizi direla neskak.) Giroan daude, nonbait, mundu horiek. Mundu mitikoak dira. Atea jo gabe sartu zaizkigu etxean eta sukaldean.

Eta gu, dena kontrolatu nahian, mito guztiak uxatuak genituelakoan.

Temas

Euskera