Borrar

Miseria gorria

Bai Horixe ·

Amaigabeak ziren premiak duela urtebete, amaigabeago dira orain

Lunes, 19 de octubre 2020, 07:44

Comenta

Ez da, soilik, pandemiak ustekabean harrapatu gintuela, honezkero izan baitugu gainean dugun zamaren pisua neurtzeko denbora. Ez genuen zetorkiguna aurreikusi, are gutxiago pandemiaren iraupena, uste genuen udak uxatuko zuela, neguak ondo prestaturik aurkituko gintuela. Eta hemen gaude, amesgaiztoaren bukaera ezin aurreikusirik, betikoa izan behar balu bezala, eta halaxe izan daiteke, gutxienez bidearen azken zatian gaudenontzat.

Bitartean, egunero entzuten edo irakurtzen dugu sinesgaitza bezain egiatia den zerbait. Azkena, hainbat jubilatuk zakarrontzitik hartzen dituztela muxukoak, aurrean zihoan jakintsuak atzera botatako belarrak jarraian zetorren jakintsuak biltzen zituen bezalaxe. Seguruenik jakiak modu horretan jasotzen dituzten pertsona berak dira, supermerkatuetako atarian dauden edukiontzietan altxorrak aurkitzen dituzten berak, gobernuz kanpoko erakundeetan elikagaiak jasotzen dituztenak edo lana izan arren pobreziari ihes egin ezin diotenak

Ikusi nahi ez dugun miseriaren beste argazki bat, ezkutuan zegoena azalarazi duen pandemiari esker. Miseriak ere maila desberdinak baititu, gorritik beltzera. Noizean behin elikagai bankuak edo sahararren aldeko erakundeek supermerkatuetan egiten dituzten janari bilketa baten harira, jakin genuen lekari egosiak jarri behar genituela edukiontzian, lekari gordinak egosteko behar den butanoa bera luxu bat omen delako hainbatentzako. Seguru hurrengo bilketan atuna, arroza, pasta eta abarrekin muxukoak ere eskatuko dizkigutela.

Amaigabeak ziren premiak duela urtebete, amaigabeago dira orain, hementxe bertan. Ez nuke gobernatzen gaituzten azalaren barruan egon nahi, erabaki behar dutelako nondik kendu zulo hau edo bestea estaliko duena. Ze atalari kendu 65 urtetik gora daudenentzat debaldeko maskarak eskaini ahal izateko behar den dirua, edo hainbat irakasleren esanetan muxukoa zikin eta ezin baliatuzkoa daramaten ikasleei ordaina eskaintzeko behar dena.

Gutako askorentzat besterik gabe gogaikarria den tramankulua eskuraezin da beste batzuentzat, haur eta zahar, luxu urruna. Inguruko miseriaren seinalea, aurrekoak konpondu ez ditugunean etorri zaigun seinale berria. Eta okerrena da ez diogula pandemiari akabera ikusten, ez nabarmendu dituen zuloei konponbidea. Honezkero ikasi baitugu pandemiak edonor kutsa dezakeela, baina bereziki mingarria dela aldez aurretik miserian edo pobrezian bizi zirenentzat.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Miseria gorria