Marshall planen beharra

Iñigo Lamarca
IÑIGO LAMARCA

Bigarren Mundu Gerraren ostean, sarraski ikaragarri horrek hondatuta utzi zuen Europa. Estatu Batuek 14.000 milioi dolarreko diru-poltsa bat sortu zuten europar herrialdeetan inbertsioak egiteko, errekuperazioari bultzada sendoa emateko asmoz. Garai hartako AEBko Estatu idazkaria zen Marshallen izena hartu zuen plan hark. Egia da Marshall planak bazituela ezkutuko helburuak: komunismoari aurre egitea eta bide batez Estatu Batuen hegemonia ahalbidetzea. Baina nolanahi ere, mendebaleko europar herrialde demokratikoen garapen sozioekonomikoarentzat mesedegarria izan zen diru-laguntza hori. Egoera larria zen benetan, eta plan horrentzat dirua jartzeko ez ziren oztopo izan politika presupuestarioa edo monetarioa. Gaur egun bi egoera oso larri nabarmendu ditzakegu, diru inbertsio oso handiak beharko lituzketenak. Bata krisi klimatikoa da. Greta Thunberg nerabe aktibistak Nazio Batuetan eskatu zuen bezala, egin men, mesedez, zientzialarien diagnostiko eta eskaerei. Irain eta gezur handiak bota dituzte, portzierto, Gretaren aurka eskuin muturreko komunikabideetan eta gizarte sareetan ingurugiroari buruzko Parisko hitzarmenaren aurka dauden botere eta interes ekonomikoen zerbitzura dauden sasi-kazetari eta iritzi emaile mertzenarioek. Hautsak harrotu ditu suediar nerabearen diskurtso gogorrak New Yorken, eta gero eta agintari gehiago ari dira beren agendan sartzen krisi klimatikoari buruzko ekimen eta egitasmoak. Datuak kezkagarriak dira: azken bost urteetan karbono dioxidoaren isurketak %20 hazi dira aurreko bosturtekoarekin alderatuz gero. Carbon Tracker analisi-kabineteak jakinarazi du petrolio konpainien jarduera inportanteenek (45.000 milioiko balioa dutelarik) Parisen 2016an klimari buruz hartutako nazioarte mailako akordioa urratzen dutela. Horiek horrela, Nazio Batuek duela egun gutxi NYCn antolatutako klimari buruzko gailurrean zenbait konpromiso hartu dira; besteak beste, 77 herrialdek agindu dute 2050erako berotegi-efektua sortzen duten isurketarik ez dutela jaurtiko atmosferara.

Edozein modutara, alor horretan politikagintza eraginkorra eta demagogiarik gabekoa egin nahi bada, nahitaezkoa izango da dirutza handia inbertitzea industria kutsakorra eraldatzeko. Jokoan dagoena ez da bakarrik haien jabe eta akzionisten etekin ekonomikoa, baizik eta lanpostuak eta jarduera ekonomikoa ere bai. Kontuan izan behar dugu kotxeak egiteko industria dela munduan ahaltsuenetakoa, eta horrez gainera karbonoa duten errekinak erabiltzen dituztela oraindik lantegi askok. Ekoizpen ekonomikoaren eraldaketa oso handia egin beharra dago eta denbora gutxian. Horretarako gauza asko behar dira: ikerkuntza zientifikoa areagotu, fabrika askoren transformazioa, langile askoren lan aldaketa (eta horrekin batera formazioa), bai eta eguneroko bizitzaren zenbait usadio aldatu (garraio publikoa gehiago erabili, energia aurreztu, elikadura bera ere aldatu...). Horrek guztiak diru piloa eskatzen du. Estatuek eta zenbait korporazio handik orain arte konprometitutako diru-kopuruak huskeria dira. NBEren (ONU) Klimari buruzko Fondo Berdea oso eskasa da. Mundu mailako plan erraldoi bat behar da, eta horretan buru belarri sartu beharko lukete Banku Mundialak, NDFk (FMI), Inbertsioetarako Europar Bankuak eta abarrek eta baita ere, noski, petrolioaren eta kotxeak fabrikatzeko eremuetan diharduten konpainia handiek ere, zerga-politika erabiliz horretarako, besteak beste.

Europar Batasunari bagagozkio, nabarmena da Marshall Plan ahaltsu bat behar dela Europa soziala babesteko, eta bide batez sustapen nabarmena emateko enpleguaren eta ekonomiaren hazkundeari. Aurreko batean azpimarratzen genuen tribuna honetan Mario Draghi europar banku zentraleko presidenteak esan zuela moneta-politika ez dela nahikoa eta zerga-politika (politika presupuestarioa barne) erabili behar dela Europaren moteltze ekonomikoari aurre egiteko. Dena den, ortodoxia monetarioari eusten diotenek (Alemaniak eta Holandak, bereziki) gero eta gogorrago kritikatzen dute Draghiren politika. Esanguratsua izan da, bestetik, The Financial Times-eko guru ekonomikoa den Martin Wolfen artikulu luze batek zioena. Kapitalismoaren zutabeak defenditzen dituen aditu horrek kapitalismo finantzarioaren gehiegikeriak salatzea, eta hark ekonomiaren produktibitateari (eta beraz hazkundeari) ez diola apenas ekarpenik egiten esatea oso deigarria da. Argi dago 2008an krisi ekonomiko-finantzarioak eztanda egin zuenean gaizki egindako gauza oso potoloak geratu zirela agerian (sistema finantzarioaren erregulazio oso eskasa, adibidez). Atzera begiratuz, nabarmena da ez zela krisi hori aprobetxatu sistema ekonomiko-finantzarioan beharrezkoak ziren aldaketa erradikalak eta sakonak egiteko. Partxeak jarri ziren dirutza publiko ikaragarria gastatuz bankuak salbatzeko.