ANA MARIREN KONFESIOA

NIKOLAS ZENDOIA

Ana Mari neskatillari jarri zaio buruan konfesatu egin bear zuela Frai Bitor zaarrarekin, San Pedro jaietan. Ez bere pekatuen beldur zalako, baizik eta gero koadrillan berriketaldiak izan zitzaten. Ondo pasatzeko edo. Gizaki jatorra bait zuten Frai Bitor zaarra. Naiz eta irurogeita amar urte eduki, erriko gazteekin ondo konpontzen zana.

Baiña garaiak pasa aala, jendea aitorketei lagatzen zijoan. Frai Bitorri ez zion ajolarik orregatik. Entzumenarekin ere arazoak bait zituen aitorlekuan. Baiña ori jendeak ez zekien.

Elizara ere geroz eta jende gutxiago zijoakionez, naiko lasai zeraman bere zaartzaroa. Igandeko mezatxoa aitona-amonei, eta paseora. Baiña ez leengo apaizen erako paseaketara, bakardadean eta liburua irakurriaz. Ez, ez; mundualdi gazteari begira baizik. Eta errixkako plaza ingurua zuen gustoko frai Bitorrek. Baiña norbaitzuk aitortu nai bazuten, ez zien ukatzen aitorlekuan jartzea.

Esaten zizkiotenak esan eta entzuten zituenak entzun, penitentziarako beti iru abemaria.

Igande bateko meza ondoan, Ana Marik deitzen dio eliza barrenetik:

-Frai Bitor, konfesatu egin nai det, erriko festak pasa berri zaizkigu eta.

-Bai, bai, gazte. Nola ez, ba!

Eta an dijoa Frai Bitor zaarra aitorlekura, isilka bere baitan esanaz «zer egin ote ditu neska onek?».

Ana Mari neskatilla an belaunikatzen da, aitorleku egalean, eta irribarretsu dio:

-Ave Maria purisima. Frai Bitor, zer moduz?

-Kaixo, gazte. Zer diozu?

-«Ave Maria purisima» diot -altuago.

-A, bai, bai. Sin pecado concebida. Zer dakarkizu ba, gazte? Zenbat denbora da azkenengo aldiz aitortu ziñala?

-Frai Bitor, Ana Mari naiz. Iru urtean ez naiz konfesatu. Zer? Denbora asko al da?

-Beno, beno. Ez da denbora-kontua bakarrik. Nola portatu zeran aldi orretan, gazte.

-Ni portatu, oso ondo, jauna. Festetan egin ditugun gau-pasak ere oso jatorrak izan dira. Zurruta gutxi eta zigarro potolorik erre gabe. Ori bai: eguna argitutakoan etxera. Baiña txukun eta polit, postrearen gaiñeko ginda bezela.

-Ea, ea. Zer diozu, Ana Mari? Esan, esan altuago.

-Baiña, frai Bitor. Zuk baiño leen jendeak entzuten badit, akabo nere isilkako konfesioa.

-Ondo da, ondo da. Neroni gerturatuko naiz sarera. Bestela nola emango dizut absoluzioa?

-Baiña itxaron, itxaron. Oraindik asko daukat aitortzeko: festetako dantzaldiak eta. Zer ondo pasa dedan aurtengo sanpedrotan, frai Bitor!

-Oraingoan entzun det, bai. Eta zer dantza klase egin dituzue, ba, erriko festetan?

-Baiña, jauna. Ez al zenuen begiratzen leiotik erromeria-plazara? Leen dantza askatuan egiten omen zan. Orain dantza berriak ditugu. Elkarri gerritik eldu-eldu eginda dantzatzen degu. Estutu-aldi ederrei eutsi die nere gerriak. Eta ondorenaren berri, ez dauka zer jakiñik erriak.

-Mutil-laguna izango dezu, Ana Mari? Orrelako dantzak egin badituzu...

-Bai, bai, aspalditik. Anttonio da senargaia. Baiña erriko festetan libre lagatzen dit edonorekin dantzatzeko. Eta turista begi-urdin batekin egin det dantza ederrik, jauna. Baiña Anttonioren baimena nuenez, ez da pekatua izango, noski... Gaiñera, beti bati begira dagoenari 'mari-tuntuna' deitzen diote, frai Bitor.

-Turista begi-urdiñarena ez dizut ongi ulertu, gazte. Baiña euskalduna ez bazan, penitentzia aundiagoa jartzea dagokit. Iru paternoster San Pedro zaindariari eta iru abemari Arantzazuko amari. Dantzarako lagunik ez dezunean, errezatu oiek, Ana Mari.

-Ene, jauna, ori bakarrik? Duela iru urteko konfesioan, frai Gillermo nuen aitorleku ontan bertan. Eta penitentziarako, zazpi meza entzutea nuen betebearra. Baiña epe-mugarik gabe. Denborarekin beteko det penitentzia. Lau meza geratzen zaizkit, frai Bitor. Urtean bat eta erriko festetan bera.

Orrela amaitu zan frai Bitor eta Ana Mariren arteko konfesio xelebre ura.

Ondorengo egunetan, Ana Mari ezin zan egon koadrillako lagunei esan gabe nola konfesatu zan eta abar. Gaiñera, arrituta, penitentzia txikia jarri ziolako.

Eta Karmele lagunak:

-Festetako begi-urdiñaren muxuarena esan al dion?

-Ez. Dantzarena bakarrik kontatu zionat. Eta danak esan banizkio ere, penitentzia berdintsua izango niñan. Uste diñat erdiak ez dizkidala entzun. Baiña au bai: turista begi-urdiña euskalduna ez zalako, iru aitagure esan bear San Pedro gure zaindariari.

Koadrillako Joxe Angel itz-motela ere oartuta ordurako frai Bitor gizajoak ez ote zuen ondo entzuten. Izketan motela, baiña buruan te-te-terik ez.

Gaiñera, Joxe Anjel frai Bitorren lagun aundia zanez, adierazi nai izan zien koadrillakoei:

-E-ez esan je-jendeari frai Bi Bitor go-gorra dala. Bestela erri o-osoa jo-joango zaion ko-konfesatzera.

Errukiaren bandoa jo zuen, beintzat, Joxe Anjelek. Koadrilla ark ez zeukan, ez, baztertzeko frai Bitor zaarra. Bejondeizuela!

Ana Marik galdetu zion Mari Lutxi lagunari ere:

-Lutxi, i norengana joaten aiz konfesatzera?

-Ni beste errira, Amezketara, joaten naun. Don Jorge pretaltxio arena. Galdetu eta galdetu. Eta nik erantzun gutxi. Ez berak egin, eta ez bestei utzi.

Ai, Lutxi, Lutxi!

Ipuin gisako au

egin dedalako,

arren ez gaizki artu,

txantxa bat dalako.

Batik bat sanpedrotan

ere gaudelako.

Gazte aiek, ez gazte

txarrak ziralako,

baizik frai Bitor zaarra

maite zutelako.

Erriko gaztediak

ditu bere saltsak,

beren gau-pasak eta

festetako dantzak.

San Pedroren jaietan

urteroko martxak,

gero frai Bitorrekin

aitortzeko txantxak.

Begira zer egiten

duen konfiantzak.  

Temas

Euskera