Maitasunaren minak
Bai horixe ·
Bikoterik ez baduzu hankamotz zaude, kale egin duzu, erdizka bizi zaraJoan den mendearen erdialdean ezagutu nituen elkar ezagutu gabe lotutako ezkontzak eta era horretako loturak josten espezialistak ziren pertsonak. Ezkontzak antolatzeko sistema zaharraren azken astinduak eta bikotea lortzeko modu berrien lehen pausoak. Orain algoritmo batek egiten du lehen ezkontzaginak egiten zuena eta, gainera, jokoaren arauak errotik aldatu ditu dibortzioaren legeak.
Bitartean, zirrikitu guztietatik sartu zaigu maitasun erromantikoaren eredua eta duela belaunaldi pare bat erabat ezezagun zitzaizkigun ohiturak tradizio bilakatu dira, tradizio hautsiezin. Hasi ezkongaiaren soinekoaren kolorearekin eta elizarekin protagonismoarekin jarraitu.
Zorionez oraindik ez da maiteminduen egunaren ospakizuna guztiz zabaldu, merkatuak horretara bultzatzen bagaitu ere. Datak ez du lehentasuna lortu gurean. Aurkitu dituzu ohiko superrean orkideak euro gutxitan eta bihotz forma duten gozokiak. Heldu diogu gaiari hedabide guztietan baina indar gehiago du, adibidez, berriagoa den ostiral beltzak. Saldu dituzte perfumeak, baina ez Eguberrietan adina, ospatu dira bikoteentzat antolatutako afari erromantikoak, baina jende gehiago aterako da afaltzera martxoaren zortzian.
Eta, halere, hor dabil pertsona multzo handia laranja osoa izateko falta omen zaion beste erdiaren bila, ez bizitza guztirako, baina, ahal dela, tarte luze baterako, bikote bat bi pertsona osok osatuko ez balu bezala. Ez, bikoterik ez baduzu hankamotz zaude, kale egin duzu, erdizka bizi zara. Gaixoa zu.
Baina zure bikotekidea aurkitu duzun moduan aurkituta ere, maitemindu egin behar duzu, ez da aski bestea maitatzea. Maitemina, ordea, zientziak aspaldi frogatu zuenez, egoera iragankorra da, zehaztu gabeko data batean iraungitzen dena, iraupenean ez baitatoz bat adituak, kasu batetik bestera aldaerak daudelako.
Inguruan ditut hamarralditan elkarrekin dauden bikoteak, harmonian bizi direnak, baina sekula santan maitemindu ez direnak eta seme-alabek maitemintzen direnean ze demontre gertatzen zaien ulertzen ez dutenak. Definizioz eta ezinbestean, iraupen laburreko sentikizun liluragarri eta nahasgarria da maitemina.
Nahita ez, halako batean maiteminaren garrak gutxitu egiten dira. Bitartean beste maitasun mota bat sortzeko gauza izan bazara, hor jarraituko du su txikiak. Bestela, akabo, beste baten bila abiatu behar duzu edo, oroiminera emanda bizi.